“Arrasatearron bizi kalitatea hobetzeko” epe luzeko Mugikortasun Jasangarrirako plan berria aurkeztu du Udalak
2024/10/03Mugikortasun jasangarrirako plan berriaren ideia nagusiak aurkeztu dituzte gaur Garazi Etxeberria San Miguel Hirigintza, Trantsizio ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak eta Aitor Jauregi Hirigintza saileko buruak. Plana 5 urterako da, eta “Arrasate bizigarriago bat” egitea du helburu.
Etorkizuneko hiri eredua egiteko ibilbide orria
Gaur aurkeztu duten planak “mugikortasun jasangarrian sakontzen” jarraitzea du helburu, eta Etxeberria zinegotziak iragarri du planaren asmoa dela arrasatearrei “bizi kalitatea hobetzea”.
“Gaur aurkezten dugun planak bide bat markatzen du Arrasate herri jasangarria izateko, eta, behin plana esku artean, exekutatzeko ibilbide orri bat markatu beharko dugu bideragarritasuna aztertzeko. Lehen urratsa izango da herritarrei azalpenak ematea, eta aukera irekitzea ekarpenak egiteko”.
Gobernuak auzoz auzo aurkeztuko du mugikortasun plana:
- Urriaren 7an - Erdigunea - 18:00etan - Kulturaten, Jokin Zaitegi gelan
- Urriaren 8an - Uribarri-Erguin - 18:00etan - Jubilatuen etxean
- Urriaren 10ean - Baserri auzoak - 18:00etan - Udaletxeko Pleno Aretoan
- Urriaren 15ean - Santa Marina - 18:00etan - Auzo Alkatetzan
- Urriaren 17an - San Andres - 18:00etan - Etxaluzen
- Urriaren 21ean - Musakola - 18:00etan - Jubilatuen etxean
Bizi kalitaterantz: espaloi zabalagoak oinezkoendako
Oinezkoentzat proposatzen diren neurriak:
- Espaloi zabalagoak egitea, oinezkoen mugikortasuna errazteko
- Pertsonen aisialdirako gune berriak sortzea
- Haur parkeak jartzeko izan daitezkeen eremuak sortzea
- Eskola inguruetan “baketze eremuak” ezartzea, hau da, haurren segurtasunerako kotxeen mugikortasuna gutxitzea
Gobernuaren lehentasunetako bat izango da pertsonen mugikortasuna eta aisialdi gune berriak sortzea. “Gaur egungo hiri ereduak espaloi estuak ditu, eta oso ohikoa da, espaloi askotan, justu-justu pertsona bi bakarrik sartzea. Beste batzuekin gurutzatzean, gehienetan errepidera jaisten gara lekua egiteko, horrek suposatzen duen arriskuarekin eta deserosotasunarekin, bereziki haurren aulkiak eta gurpil aukiak erabiltzen dituztenek. Espaloi erosoak izateak Arrasateren bizi kalitatea hobetuko du”.
Oinezkoen mugikortasun bertikalari ere erreparatu dio Etxeberriak. “Herriko orografiari erreparatuta, herri aldapatsua dugunez, oinezkoendako mugikortasun bertikal eroso eta irisgarriak bermatzeko, aurreikusten da 3 igogailu berri egitea, horietatik bi aurreko planean egin barik geratu ziren igogailu bi: Gorostiza auzoko igogailua, dagoeneko proiektua idazteko aurrelanetan ari direla, auzotarrekin batera; Altamirako azken igogailua, eta proposamen berri bat, San Andresko igogailua, Maiatzaren Bata plazan”.
Modu seguru berriak Arrasate bizikletaz zeharkatzeko
Planak hainbat berrikuntza jasotzen ditu bizikletadunentzat:
- Bidegorri konektatuak, erosoak, seguruak eta erakargarriak egitea
- Aparkaleku estaliak eta seguruak bizikletak gordetzeko.
- Parkingetan bizikletentzat aparkalekuak egitea
“Gaur egungo bidegorri sarea konektatu barik dago, eta Mugikortasun Planak helburu horixe jartzen digu. Aurretik egin barik geratu direnak exekutatzea, batetik; bestetik, 2011-2015 agintaldian proiektua egin baina osatu ez direnak egokitu, zaharkituta geratu dira, eta egungo parametroetara egokituko dira proiektuok” adierazi du Etxeberriak. “Frogatu dugu bizikletaren erabilerarentzat zenbat eta bide erosoagoak izan, orduan eta erabilera handiagoa dutela. Beraz, bidegorriak egiten jarraituko dugu”.
Aparkaleku alternatiborako 5 gune berri
Mugikortasun planak 5 disuasio aparkaleku egitea jasotzen du, eta proposatzen du horiek Plan Orokorrean sartzea. Gune hauek proposatzen ditu:
- Zalduspen, gaur egun autobus geltoki nagusia dagoen lekuan
- San Andres auzoan
- Uribarrin, Unibertsitate ondoan
- Bizkaia etorbidean
- Fagor Arrasate dagoen industriagunean
“Aparkaleku horiek herri sarrerako leku estrategikoetan egongo lirateke, modu horretan, kotxe gutxiago sartuko litzateke erdigunera. Modu horretan, gainera, helburua da erdiguneko aparkalekuak bizilagunentzat izatea eta txandakako aparkalekuak Biteri-Laubideko parkingetara edo aipatutako parking alternatiboetara bideratzea. Erdiguneko bizilagunek trafikoaren alde txarrak sufritu ez ditzaten. Izan ere, Arrasatera pertsona asko dator lanera edo ikastera, eta haiei garraio publiko duina eskaintzeaz gain, soluzioa eman behar zaio aparkalekuen beharrari”.
Norabide bakarreko errepideak, bizi kalitatean irabazteko
Planak proposatzen du: etorkizunera begira, kale batzuetan, norabide bakarreko erreiak jartzea. Neurri horrek eragina izango du arrasatearren bizi kalitatean:
- Oinezkoek eta bizikletek espazioa irabazten dute
- Bizilagunentzako aparkalekuak mantentzea.
- Aukera ematen du plaza edo elkargune berriak sortzeko.
- Berdeguneak sortu daitezke.
- Zarata eta CO2 emisioak gutxituko dira.
“Planak proposatzen digun aukera hau ez da berria, aurreko legegintzaldian egin zen Juan Bengoa kalean Musakolan edo Kalealdea kalean Zarugalde-Erguin inguruan. Aukera asko ematen ditu herritarren eta kotxeen arteko kontziliaziorako”.
Autobus geltokia non kokatu, galdeketa bidez
Gaur gaurkoz, autobus geltoki nagusia Zalduspen dago, baina planak bi aukera hauen artean aukeratzeko proposamena jasotzen du:
- Autobus geltoki nagusia Zalduspen
- Autobus geltoki nagusia Laubide inguruan
“Gaur egun autobus geltokia dagoen lekuak aukera asko ditu, baina herritarrei entzun nahi diegu eta, erabakia, haiekin batera hartu. Horregatik, galdeketa bat irekiko da azaro erdialdean, aukera bien artean bozkatu ahal izateko”. Erabakia ez da loteslea izango, baina udalak adierazi du “konpromiso osoa hartzen duela iritzi horiek guztiak kontuan izateko”.
Galdetegiaren xehetasun guztiak datozen asteetan iragarriko dituzte, proposamen bakoitzaren aukerak eta eraginak aztertzeko. “Arrasatearrei erabakia hartzeko heldutasun politikoa aitortu behar zaie, eta gure gobernuaren konpromisoa izaten ari da entzutea eta elkarlanean aritzea, proiektu honetan eta beste guztietan”. Halaber, argitu du Etxeberriak, Herribusaren lineak urtebete barru berrituko direla, eta helburua dela “auzoak autobus geltoki berriarekin konektatzea”, izan Zalduspen edo izan Laubiden.
Agintaldi honetan martxan jarriko diren neurriak
Udal gobernuak, besteak beste, neurri hauek jarri gura ditu martxan agintaldi honetan:
- Musakolako bidegorri zati berri bat egitea; dagoeneko proiektua idazten ari dira.
- Uribeko proiektua berrikustea eta zati bat egitea.
- Santa Marina eta Altamirako lehen fasearen irisgarritasun eta berrurbanizazio lanak egitea, dagoeneko martxan daudenak.
- Baketze guneak sortzea eskola inguruetan haurren segurtasunerako, adibidez San Andresko Herri Eskola ondoan, Bedoñaben.
- Hirigintza taktikoa martxan jartzea: obrarik egin barik, epe motz edo luzerako errepideak oinezkoendako bilakatzea (adibidez jaietan, ekimen jendetsuetan edo ekintza konkretuetarako).
- Mugikortasun jasangarrian formazioa eta kontzientziazio kanpainak egitea.