Irailaren 1ean hasiko dira Garagartzan edateko uraren banaketa sarea berritzen, oraingo zuntz zementuzko hodiak ordezteko

2022/08/29
Card image cap
Zanga lan bat egingo da, dagoen zuntz zementuzko hodi guztia deskubritzeko, hodi hori kendu eta beste burdinurtuzko hodi batez ordeztu ahal izateko.

Arrasateko Udalak irailaren 1ean hasiko ditu Garagartzan edateko ura banatzeko sarea berritzeko lanak. Auzoko sarean dagoen zuntz zementuzko hodia ordeztuko da.

Lanak, gutxi gorabehera, 800 metrori eragiten die, eta amiantoa duten zuntz zementuzko ur edangarrirako hodiak kenduko dira, material hori kantzerigenotzat jotzen baita. Joan den mendean zuntz zementuzko materiala erabili zen gehienbat, batez ere isolamenduekin zerikusia zuen lanetan.

Obrak eragingo dio Fagor Etxetresna Elektrikoen planta zaharraren aurrealdearen eta Kobateko harrobira sartzeko bidearen arteko zatiari. Funtsean, luzetarako zanga bat irekiko da, dagoen zuntz zementuzko hodi guztia deskubritzeko, hodi hori kendu eta beste burdinurtuzko hodi batez ordeztu ahal izateko.

Obrak bitarteko mekaniko arinekin egingo dira, eskuz induskatu beharko diren azken 10 cm-ak izan ezik, hausturarik izan ez dadin.

Victoriano Fuentes Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak aitortu duenez, inbertsio horiek "lurperatuta geratzen dira eta, agian, ez dute beste esku-hartze estetiko batzuek duten aintzatespen soziala izango, baina obra mota horiek Arrasateko biztanleen osasuna zaintzen dute. Inbertsio garrantzitsua da arlo ekonomikoari erreparatzen badiogu, baina bereziki ona da arrasatearren ongizaterako eta osasun onerako”.

Obra Bermeosolo SA enpresak egingo du, eta 4 hilabete inguru iraungo du. Lanaren aurrekontua da 368.844,94 euro + BEZa. Obra zuzenduko du Salaberria Ingeniaritza SL enpresak.