Arrasatek Mugikortasun Jasangarrirako Udal Plan berria izango du, herritarrek eta eragileek parte hartuta

2024/04/24
Card image cap
Plan berriak kontuan izango ditu ikuspegi soziala, ekonomikoa, ingurumenekoa eta osasunekoa, eta genero ikuspegia planaren oinarrian txertatuko du.

Arrasateko Udalak iragarri du Mugikortasun Jasangarrirako Udal Plan berria idazteko prozesua dagoeneko abian jarri dela. “5 urterako plana idatzi behar dugu, ikuspegi sozial, ekonomiko, ingurumenekoa eta osasunekoa izango ditu ardatz, eta oinarrian genero ikuspegia izango du” adierazi du Maider Morras Azpiazu alkateak.

“Aldaketa klimatikoak eskatzen du gure mugikortasunean trantsizio bat ematea. Arazoa globala bada ere, ezinbestekoa da tokian tokitik erantzutea. Horregatik, Arrasatek jasangarritasunean jauzi bat emateko beharra ikusten dugu” Maider Morrasen esanetan. Mugikortasun plan honek, aurreko planetan egin bezala, herritarren mugitzeko ohiturak aztertuko ditu, eta mugikortasun “hobe eta jasangarriago” baterako neurriak proposatuko ditu. Plana idazteko, udalak partaidetzazko prozesu bat abiatuko du herritarrekin eta eragile sozial, politiko eta ekonomikoekin.

Era berean, gogorarazi du, mugikortasun plan berria abiapuntua eta kontuan hartzekoa izango da HAPOren (Hiri Antolamenduko Plan Orokorra) hurrengo berrikuspenerako.

Mugitzeko modu seguruagoak

Planak mugikortasun eredu jasangarri baterako proposamenak bilatzeaz gain, horiek seguruak izateko beharra jasoko du. “Oinezkoen mugikortasuna, bizikletena eta autobus zerbitzu publikoen irisgarritasuna bermatu beharra dago, eta horiek modu eroso eta seguruan garatzea ziurtatu” adierazi du Garazi Etxeberria San Miguel Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak.

Horiez gain, bestelako helburuak ere aipatu ditu Etxeberriak: “mugikortasun planak askotariko helburuak izango ditu, besteak bete, eskola ibilbide seguruak egitea, gizon-emakumeen arteko segurtasun pertzepzioari erreparatuz espazio seguruak sortzea, bizikletentzat ibilbide funtzionalak egitea, ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneak ezartzeko zer aukera dagoen aztertzea eta aparkalekuen behar erreala aztertzea”.

Plana egiteko metodologia gaur egungo azterketa batekin hasiko da, diagnosi bat eginez. Helburuak dagoeneko finkatuta, ondoren etorriko dira proposamen eta ekintza plana. Hau gauzatzen doala ziurtatzeko jarraipen eta ebaluazio plana zehaztuko da.

Partaidetzazko prozesua abian da

Plana berridazteko lehen urratsak martxoan eman zituzten, herrian zehar egindako mugikortasun neurketekin, eta udaleko teknikariekin elkarrizketak eginez. “Gaur gaurkoz elkarrizketa horiek egiten jarraitzen dute, izan ere, Hirigintza sailetik haratago doan ikuspegia landu nahi izan dugu, ikuspegi orokorra lortzeko” baieztatu du Etxeberriak; eta aurreikusten da elkarrizketak maiatzean amaitzea.

Maiatz amaiera eta ekain hasiera bitartean diagnosia aurkeztuko dute, eta gero etorriko dira partaidetza saioak. Alde batetik, interes bereziko taldeek eta Hirigintzako Aholku Kontseiluak aukera izango dute ekarpenak egiteko. Talde horrek eragile sozial, politiko, ekonomiko zein kulturalak barnebiltzen ditu. Paraleloki, herritarrekin saio irekia egingo da, norbanako orok aukera izan dezan bere iritzia emateko. Aurreikusten da saio horiek ekainaren 10etik 15era egitea. Bestalde, aukerarik izango ez dutenek presentzialki parte hartzeko, online galdetegi bat bete ahal izango dute, ekainaren 10etik 30era bitartean.

Baserri auzoetarako mugikortasun berezia

Plan honetan arreta berezia jarriko zaio baserri auzoetako mugikortasunari. Morrasen esanetan, “baserri auzoek behar bereziak dituzte eta dagoeneko lanean ari gara baserri auzoetako alkatetzekin behar horiek identifikatzeko”.

“Gure konpromisoa erabatekoa da baserri auzoekin, eta horren adierazle da Mondraitzek antolatutako Arrasate-Udalatx lasterketan autobus zerbitzua jarri izana Udala auzora. Bada zer hobetu, baina, orokorrean, balorazio positiboa egin dugu”.

Norabide horretan, berrikuntza baten berri ere eman du Morrasek: “aztertzen ari gara uztaileko asteburuetan autobus zerbitzua jartzea Udala auzora joateko. Proiektu pilotua izango litzateke, lehen aldiz froga moduan egitekoa, helburu jakin batekin, Udalan kotxe pilaketarik ez izatea. Ondo funtzionatuz gero, zerbitzua egonkortzen saiatu eta lizitazioan sartuko genuke”.