2023rako 40 milioi euroko aurrekontu proposamena gizarte zerbitzuetan, trantsizio energetikoan, Santa Teresa auzoaren berroneratzean eta Kirol Azpiegituren Planean ardaztuta
2022/11/17Arrasateko Udal Gobernuak 2023 urterako landutako aurrekontu proposamena aurkeztu du prentsa agerraldian gaur, azaroak 17. Maria Ubarretxena alkateak, Victoriano Fuentes Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak eta Ander Garay Ogasun zinegotziak azken 13 urteetako aurrekonturik altuena izan dute mintzagai.
39.662.000 euroko aurrekontua proposatu dute 2023rako, iaz baino 2 milioi euro gehiago, %5,15-eko gehikuntza. Gehikuntza, bereziki, Ondasun eta Zerbitzuen sarreretan (+ 1.350.000€) eta inbertsioen atalean ematen da (+645.000€). Gastuak aldiz gora egingo dute, bereziki pertsonal gastuei, hornidura gastuei eta zerbitzuen eta kontratuen kostuei dagokienean.
Alkateak nabarmendu du “babesa eta garapena helburu duten aurrekontua da eta herriarentzako eta arrasatearrentzako garrantzitsuak diren proiektuak jasotzen ditu, baina zuhurtzia osoz osatu ditugu eta ziurgabetasun handiko testuinguruan kokatzen dira. Covid-19a lehenik, Errusiak Ukraina inbaditzea ostean, eta prezioen igoera orokorrak herritarrengan zuzeneko eragina du eta aurrekontu hauek hori oso presente dute, arrasatearrak baitira erdigune eta beren onura eta ongizatea du helburu nagusi. Pertsonak babestu eta lagundu eta herriaren garapen sozial, ekonomiko eta ekologikoa bultzatzen dute. Horiexek dira lehentasunak. Arrasatearrak kokatzen dira herria eraldatzeko dinamikak sustatuko dituzten politika publikoen diseinuaren erdigunean, non komunitatearen, bizikidetzaren eta garapen iraunkorraren kontzeptuak eraldaketa horren bultzatzaile diren. Guztiok batera, guztiontzat egin behar dugu lan, eta herriaren beharrei erantzungo dien politika publiko aktiboak jasotzen ditu 2023ko aurrekontu proposamenak”.
Ubarretxenaren hitzetan, “2015ean hasitako eta legealdi honetan jarraitutako bidea borobiltzen du aurrekontuak. Juan Artzamendi Musika Etxea eta Kulturola eginda, Ekobulebarra eta Araba etorbidea garatuta edota igogailu publikoen sarea areagotuta, aurrera-pausu handia eman dugu herri bezala, baina ekimen berriak ere baditugu eskuartean. Ziklo bat borobildu du, baina 2023ko aurrekontuak Arrasate berri bati emango dio bidea, bereziki kirolen alorrean edota irisgarritasun eta herriko gune ugariren berroneratzean”.
Gizarte zerbitzuak eta sustapen ekonomikoa bultzatzeko ekimen eta proiektuak indartu dira, eta proiektu estrategikoei bidea eman: hala nola, Santa Teresako igogailu publikoak eta auzoren garapena, Etxetxikiak auzunearen berritzea… baina bereziki Kirol Azpiegituren Planaren garapenari ekitea eta trantsizio energetikoan pausu esanguratsuak ematen jarraitzea.
Hiru urtetan segidan, 2021, 2022 eta 2023, Udalak ez du tasa eta zergarik igo: “2015-2019 agintaldian zorra guztiz kitatu genuen, eta horrek, Covid-19aren pandemian babes neurri garrantzitsuak abian jartzea ahalbidetu zigun; 2023an, herritar zaurgarrienei prezioen gorakadari aurre egiteko laguntzak indartu ditugu. Diru publikoaren kudeaketa zuhurra baina ausarta gauzatzen ari gara, horren erakusle Udalak urte hauetan lortutako diru-laguntza kopurua. 8 urtetan, 2015etik, 10 aldiz biderkatu da lortutako diru-laguntza kopurua, 216.000 euro izatetik 2015ean, 2.100.000 izatera 2023an. Foru Funtsak ere igoera nabarmena ekarri du, 5 milioi euro gehiago, ekonomiaren martxa onari esker. Udalaren finantza egoera oso osasuntsua da. Zero zor egoera horretan mantentzen dugu Arrasateko Udala”.
Pertsona zentroan
Garapen Komunitarioko sailak %6,6ko igoera izango du, 4.156.000 eurokoa izanik guztira.
Alkateak azaldu eran, “gizarte kohesioa bermatzea dugu jomuga, laguntza eta programa sozial oro mantenduz eta beharra izanez gero, horiek handitzeko konpromisoarekin”.
Berritasunei dagokienean, droga-mendekotasunari aurre egiteko bi partida berri ezarri dira: alde batetik dirulaguntzetarako 18.000€, eta bestetik droga-mendekotasuna prebenitzeko proiektu berri baterako (EKO proiektua) 92.000€.
Horrez gain, Garibai kaleko Egunero Zentro berriko arreta zerbitzua martxan jartzeko eta zerbitzua eman ahal izateko 61.500 euro bideratuko dira.
Sail guztiak gora
Herritarrei eskainitako zerbitzuak bermatu eta hobetze aldera, sail guztien aurrekontuak igotzen dira, hirigintza salbu. Azaldu dutenez, “legealdirako ezarritako ia proiektu guztiak exekutatuta daude eta proiektu fasean aurkitzen gara orain. Ekobulebarra, Zalduspe, zuntz optikoa, Leintzibar-Foruen etorbidea… garatuta, orain obrak bukatzen (Etxetxikiak, Santa Teresako igogailuak…) eta proiektuak lantzen ari gara, etorkizuneko Arrasate eraikitzen”.
Hirigintza sailak 3.981.000 euroko aurrekontua izango du, iaz baino %26 gutziago. Honako proiektuak barnebiltzen ditu:
- 750.000€ Etxetxikiak berrurbanizatzeko proiektua amaitzeko.
- Santa Marinako igogailuak amaitzeko 1.210.000€.
- San Frantzizko- Musakola ekobulebarra. Bide gorri sarearekin jarraitzeko, oinezkoei leku gehiago ematen jarraitzeko, San Frantzizkotik- Musakolarako ekobulebarraren proiektua egiteko 20.000€.
- Gorostiza igogailu sistema. Gorostiza auzorako igogailu sistemaren proiektua egiteko 40.000€.
- Grupo San Juan-eko proiektua egiteko 30.000€. Orain abiatuko da prozesu partehartzailea bertako bizilagunekin, eta bertatik aterako den emaitzaren baitan gauzatuko da proiektua.
- San Andreseko Gudarien plaza berrurbanizatzeko proiektua egiteko 20.000€.
- San Andres kalean, Takoloko biribilgunerako bidean, bide gorria egiteko proiekturako 25.000€
- Jose Luis Iñarrako obrak hasi ahal izateko 35.000€. Proiektuaren idazketa abian da.
- Mugikortasun Planaren berrikuspenerako 22.000€. Orain 5 urte eginiko plana gauzatzear du udal gobernuak, eta berria egiteari ekingo dio datozen urteei begira.
- Gesalibar auzoko PAU-a egiteko 20.000€.
- Kobazuloen garbiketa egiteko 5.000€.
Obra eta Zerbitzuen sailak izango du Udaleko aurrekonturik altuena, 13.979.000 euro, iaz baino %12,62 gehiago. Parke eta Lorategien mantenurako kontratua handitu egin da lorazaintzeko langileekina kordioa lortu ostean. Partida 1.037.500€takoa izango da 2023 urterako, 300.000 euro gehiago. Santa Teresa eta Doneztebe portuko birgaitze proiektua gauzatu ahal izateko 1.000.000€ko partida ezarri da.
Haurrei begira, 3 parketan jardungo da:
- Aprendices kaleko parkea estaltzeko 100.000€
- Santa Barbaran natur jolas parke bat egiteko 100.000€
- Obenerrekako parkea berrizteko 50.000€
Musakola auzoan aterpe bat jartzeko 50.000€.
Igoerarik altuena Kirol sailean, Arrasateko Kirol Azpiegituren Plana gauzatzeari ekiteko
Kirol Azpiegituren Planaren garapenak bere bidea darrai. Prozesu parte-hartzailea burutu ostean eta plangintza zehaztuta, lehen inbertsioak egiteari ekingo zaio 2023an. Kirol instalazioen mapa osatzen hasteko 200.000euroko partida bat jasotzen du aurrekontu proposamenak. Datorren urtean Iturripeko kiroldegia berrizteko proiektua egiteko eta obrak esleitu ahal izateko partida sortu da. Mojategiko atletismoko pista aldatzeko 520.000ko partida sortu da eta Uarkapen LED argiak jartzeko 50.000€ko partida bat.
Arrasate berdeagoa egiteko bidea lantzen
Arrasateko Udalak hainbat eta hainbat ekimen bultzatzen dihardu Arrasaten trantsizio energetikoa bultzatzeko: argiteria publikoaren %60 LED sistemaduna da, eraikin publikoak jasangarriago egiteko pausuak eman dira, udal ordenantzak aldatu dira energia berriztagarrien aldeko hobariak eskaini ahal izateko, EKIOLA energia kooperatiba abian jarri da energia berdez hornitutzeko Leintz eskualdeko 600 familia… “eta jarraitzen dugu tinko bide horretan, planetaren zaintzak eta baliabideen kontsumo arduratsua baina etorkizuneko Arrasateren bermea” azaldu du Ubarretxenak.
Bide horretan, ur kontagailuen berritzapena egingo da, eta proiektu berri baten sartuko da udala kontagailu inteligenteekin, ur ihesak hobeto kontrolatzeko eta kontsumoa jaisten laguntzeko. 4 urtetako proiektua da, guztira 1.300.000€takoa, eta 2023 urterako 300.000 euro egongo dira.
Kotxe elektrikoentzako karga puntuekin ere hasiko da Udala eta lehena erdigunean ezarriko da. Horretarako 40.000€ bideratuko ditu eta Uarkapen plaka fotovoltaikoak jartzeko 40.000€, beste hainbaten artean.
Udalean ordezkaritza duten alderdiekin proposamena lantzeko tartea
Udal Gobernuak aurrekontu-proposamena udalean ordezkaritza duten alderdi guztiei helarazi die eta Ogasun Batzordean garatuko da behin-betiko proposamena. 5 asteko epealdia izango dute udal talde guztiek aurrekontua landu eta proposamenak egiteko Udalaren helburua da abenduaren 15ean egingo den Osoko Bilkuran onartzea 2023ko aurrekontua.