Emakume Txokoak baliabide ugari prestatu du San Juan jaiak indarkeria sexistarik gabeak izan daitezen

2023/06/16
Card image cap
Jai egunetan ‘Indarkeria sexistarik gabeko gunea’ eta ‘arreta telefonoa’ herritarren zein bisitarien esku egongo dira

Arrasateko Udaleko Berdintasun sailak, sanjuanei begira, indarkeria matxistarik gabeko aldarriarekin batera, euskarri eta baliabide ugari plazaratuko du aurten ere: hala nola ‘Indarkeria sexistarik gabeko gunea’ eta ‘arreta telefonoa’.

“Indarkeria sexistarik gabeko gunea” Arbolapetan egongo da. Indarkeria sexistan eta autodefentsa feministan emakume adituak egongo dira, arreta ematen gerturatu gura duten emakumeei eta neskei, baita ere, LGTBI+fobia pairatu dezaketen pertsonen askotariko erasoen gaineko bizipenak eta iritziak jasotzen. Horrez gain, eraso matxistarik ez gertatzeko, gune bat egongo da gizonak eta mutilak ohartarazteko. Arbolapetan egongo da ekainaren 23tik ekainaren 25era, 20:00etatik 00:00ak arte.

Gune honen helburuak dira, besteak beste: emakumeak eta herritarrak oro har indarkeria sexistaren gaiaz kontzientziatzea, emakumeek jaietan indarkeria sexistarekiko dituzten bizipenak, iritziak eta interesak jasotzea, babes eta elkartasun gunea irudikatu eta indarkeriari aurre egiteko bitartekoak erraztuko dituen erreferentzia gunea sortzea, erasotzaile izan daitezkeenei ohartaraztea dena libre ez dela eta erasoak dauden kasuetan erantzuna izango dutela, emakumeek beren burua defendatzeko duten gaitasunaz jabearaztea, eta, horretarako, bitarteko eta lan tresnak eskaintzea.

Bestetik, jaietarako propio, “arreta telefono” zerbitzua egongo da. Ekainaren 23tik 25era 20:00etatik 08:00ak arte. Jaietan gertatzen den edozein eraso sexistaren aurrean, informazioa, aholkularitza eta, beharrezkoa izango balitz eta erabiltzaileak propio eskatuz gero, aurrez aurreko arreta eta laguntza eskainiko dira. Telefono zenbakia da 688 809 137, eta hainbat lekutan egongo da ikusgai.

Emakume Txokotik eskaintzen dituzten baliabideak eta euskarriak bestelako zerbitzu eta protokoloekin koordinaturik joango dira, hala nola Udaltzaingoa eta Gizarte Zerbitzuak.