Arrasateko Udalak martxan jarri du informazio kanpaina bat Arrasateko etxebizitzetan energia fotovoltaikoaren instalazioa bultzatzeko
2021/03/02Trantsizio energetikoaren aldeko apustuan eta energia berriztagarrietara jauzia emateko bideari helduta, 2019az geroztik Arrasatek lan egiten du SHREC – Shifting toward Renewable Energy for transition to low Carbon energy – izeneko proiektu europarraren baitan. Proiektu hori Interreg Europe programaren barruan garatzen da eta karbono monoxido baxuko eredu energetikorako trantsizioa bultzatzen du enpresetan, auzo komunitateetan edo etxebizitza partikularretan.
Proiektu hori aurrera eramateko, Arrasateko Udala etengabe ari da lanean, eta joan den urtarrilean proiektu honi dagokion talde motorra osatu ostean, oraingoan kanpaina bat jarri berri du martxan herriko etxebizitzetan energia berriztagarriak ezartzea sustatzeko, hain zuzen energia fotovoltaikoaren ekoizpenaren bidean herritarrak sentsibilizatu eta informazio praktikoa eskaintzeko, modu horretara Arrasatek trantsizio energetikoaren bidean urratsak egiten jarraitu dezan.
Maria Ubarretxena alkateak nabarmendu du “udal politika publikoetan iraunkortasunaren ikuspegia, toki garapena eta hiri erakargarritasuna uztartzen dituen bidetik aurrera egiten jarraitzea dutela helburu. Arrasateko herrian ere bidea eman behar diogu eraldaketa ekologikoari, energia berriztagarriak sustatu eta karbono oina murriztu. Ezinbestekoa da eraldaketa azkar eta eraginkorra egitea, beti ere, kontuan izanda bide hori trantsizioko eredu justu batean jorratu behar dela. Eraldaketa era partekatuan burutzeko, herritarrari baliabideak eta informazioa eskaini gura dizkiogu”.
Horretarako, ACEDE- Cluster del Electrodomestico de Euskadi (H-Enea Living Lab)rekin batera gida praktiko bat prestatu du udalak, informatzeko zer aukera dagoen autokontsumorako, energia berriztagarrien inguruan zer dirulaguntza eta hobari dagoen, besteak beste. “Trantsizio energetikoaren bidean jauzia emateko garaian, ezinbestekoa da guztiok bat egitea, eta horretarako, guztiz garrantzitsua da gaiarekiko sentsibilizazioa eta informazio gardena izatea. Hori da, hain zuzen, ekimen honen helburu nagusia, herritarrek jakitea zer aukera dagoen, eta jakitea aukera horie barruan zer konpromiso dagoen”, azaldu du udalak.
Udalaren asmoa da saio presentzial bat antolatzea gida horren inguruan azalpenak emateko, betiere segurtasun neurriak bermatuta Covid-19aren aurrean. Egungo egoera dela-eta aurrez aurreko saiorik ezin bada egin, streaming bidezko saioa eskainiko du herritarrentzat, interesa duen orok parte hartu eta ekimenaren berri jaso dezan. Edozein kasutan, noiz aurkeztuko den aurrerago jakinaraziko du. Ildo beretik, egunotan gaiaren inguruan esku-orri bat ere banatu da etxebizitza guztietan, oinarrizko informazioarekin. Gida eskuragarri dago hemen.
Gaur egun, Arrasatez gain, SHREC proiektua Europako beste 7 erakundek osatzen dute: 3 unibertsitate -Lituaniako Vilnius Gediminas Unibertsitatea, Herbehereetako Zientzia Aplikatuen Hanze Unibertsitatea eta Suediako Mid Sweeden Unibertsitatea – Gobernu mailako 3 energia agentzia - Eslovakiako berrikuntza eta energia agentzia, Frantziako Auvergne Rhone-Alpeen ingurumen eta energia agentzia, eta Errumaniako Munteniako iparraldeko eskualdeko garapen agentzia – eta eskualdeko gobernu bat – Italiako Piamonte eskualdea.
Aipatu behar da hurrengo urratsak “Fotovoltaikoak Etxean” egitasmo honetan, D2030 Plataformak lideratuko dituela, instalazioak era pilotuan Arrasateko eta eskualdeko bizilagunen erkidegoetan. Arrasateko Udalak parte hartzen jarraitu du ekimen honetan, D2030 Plataformako kide moduan.