Bandera espainiarraren inposaketa salatzeko ikurrina eta plaka jartzeko egitasmoa abiarazi dute EAJ-PNV, EH Bildu eta Baleike udal taldeek
2018/10/16Sententzia baten eraginez, gaur egun, Arrasateko Udala behartuta dago espainiar bandera udaletxeko balkoian izatera. Gaiak luze jo duen arren, bide guztiak jorratu ostean, Donostiako Administrazioarekiko Auzien 2. epaitegiak sententzia irmoa aurkeztu zuen, Arrasateko Udalari errekurtso gehiago jartzeko bideak itxiz.
Egoera horren aurrean, Arrasateko EAJ-PNVk, Baleikek eta EH Bildu koalizioak Espainiar bandera jartzea inposatu izana salatzeko bi ekimen abiarazteko akordioa adostu dute: herriko erdigunean ikurrin bat jartzea batetik eta udaletxean, halaber, inposaketa hori salatzeko plaka bat jartzea bestetik.
Ikurrinaren kokalekua:
Udal taldeek, ikurrinaren kokalekua parte hartze prozesu bitartez erabakitzea planteatu dute. Horretarako, arrasatearren parte hartzea sustatzeaz gain, herriko lau gune esanguratsu proposatu dituzte ikurrinaren kokaleku gisa: Herriko plaza, Biteri plaza, Sebero Altube plaza eta Jose Maria Arizmendiarrietaren plaza, hain zuzen. Horien artean, herritarrek gustukoena bozkatu ahal izango dute eta ikurrina boto gehien jasotzen dituen gunean kokatuko da.
Bozketa epea azaroaren 5etik 17ra bitartean izango da udaleko web gunean eta BAZ-en.
Udaletxeko plaka:
Udaletxean jarriko litzatekeen plakari dagokionez, bertan jasoko den testua herritarrekin batera erabakitzea adostu dute hiru udal taldeek.
Horretarako, urriaren 15tik 26ra bitartean esaldi proposamenak jasoko dira BAZ-en eta behin horiek bilduta, azaroaren 5etik 17ra bitartean, arrasatearrek esaldirik gustukoena bozkatu ahal izango dute udaleko webgunean eta BAZ-en.