2021-22 Eskola Kirola ekimenean haurren partaidetza aukera bermatzeko, Arrasateko Udalak dirulaguntza lerroa jarri du abian.
2021/09/15Arrasateko Udalak dirulaguntza lerro berri bat jarri du abian 2021-2022 ikasturterako: Leintz Eskola Kirola ekimenean parte hartzeko dirulaguntzak.
Laguntzaren helburua da herriko familia zaurgarrienak, eta bereziki haurrak, laguntzea eta Eskola Kirolaren proiektuan inplikatzea. Urte osoko hezkuntza proiektua sustatu nahi da herri osoarentzako eskuragarria izanik. Ikasturte osoko hezkuntza proiektu bat sustatu nahi da, herritar guztientzat eskuragarria.
Maitane Muñoz zinegotziak adierazi du “proiektu estrategikotzat dugu. Gure gizartean gero eta kontzienteagoak gara aisialdiaren garrantziaz, aisialdian garatzen baititugu pertsonontzat oso esanguratsuak diren aspektuak: zaletasunez disfrutatu, elkarbizitzan trebatu, balioak bereganatu, harreman esanguratsuak sortu… Hori bermatu nahi diogu gizarte osoari, aukera berdintasuna eman. Aisialdian Arrasateko Udalak kirola praktikatzea sustatu nahi du ikasleen artean, osasuna eta ohitura osasungarriak sustatzeaz gain, elkarbizitzan eta integrazioan ere eragiten duen aktibitatea baita”.
Laguntza da Leintz Eskola Kiroleko matrikularen % 90eko deskontua. Dirulaguntza da LH1 – DBH2-ko ikasleak dituzten familientzat. Baldintzak dira: Arrasaten erroldatuta egotea eta familiako diru sarrera gordinak urtean gehienez hauek izatea:
- 2 laguneko familiak: 20.000 euro
- 3 laguneko familiak: 26.000 euro
- 4 edo gehiagoko familiak: 30.000 euro
Susana Santor Leintz Eskola Kiroleko koordinatzaileak gehitu du “tresna garrantzitsua da eskola kirolaren bidez gure herriaren etorkizuna balioetan hezteko: tresna bat elkarbizitzaren, euskararen, berdintasunaren, aniztasunaren, parte hartzearen eta naturarekiko harremanaren oinarrizko balioak lantzeko".
Eskatzeko epea: irailaren 15etik azaroaren 30era arte; eta BAZen tramitatu behar da.
Informazio gehiago gure duten guztiek Gazte Bulegora jo dezakete (Biteri etorbidea 3), 943 25 20 65 telefonora deitu, gaztebulegoa@arrasate.eus helbidera idatzi edo Herritarren Atarira.