Arrasateko Udalak Ignacio Zuloaga kaleko lanen exekuzioa aurreratu du, Euskaltelek aurreikusita zuena, bizilagunek eragozpen gutxiago izan dezaten.
2024/04/22Joan den astean hasi ziren Ignacio Zuloaga eta Otalora Lizentziaduna kaleen arteko zebrabide berriaren lanak. Lan horien ondorioz, kaleak itxi, aparkalekuak behin-behinean itxi eta edukiontziak lekuz aldatu behar izan dira obrak iraun bitartean.
Jakinda Euskaltelek pentsatuta zuela inguruan bere sarearen hedatze eta hobetze lanak egitea, Arrasateko Udalak lan horiek aurreratu ditu, eta lehenetsi du obra guztiak batera egitea. Era horretan, Arrasateko Udalak gura du obrek bizilagunei eragindako eragozpenak epealdi txikienean izatea.
Lanen eragina aparkalekuetan eta edukiontzietan
Telefonia lanek 2 asteko iraupena izango dute, eta gaur, astelehena, apirilak 22, hasiko dituzte.
Lanek eragingo diete Kondekua kaleko aparkalekuei eta edukiontziei. Aparkalekuei dagokienez, Kondekua aurrean dauden ilara aparkaleku bi kendu beharko dira. Gunean dauden zabor edukiontziak, Jose Luis Iñarra kale hasieran (Taupa taberna ondoan) dagoen zabor edukiontzien gunera mugituko dira.
Zebrabide berriaren lanak bigarren fasean martitzenetik aurrera
Zebrabide berriaren lanak erritmo onean doaz, eta bihar, hilak 23, martitzena, bigarren fasean sartuko dira. Horren ondorioz, Otalora Lizentziaduna kaleko errei bat itxi (Muzibar noranzkoan doana) eta hori Ignacio Zuloaga kalera pasatuko da. Hortaz, martitzenetik aurrea, Herribusaren geltokia Ignacio Zuloaga kalera igaroko da, lanak iraun bitartean. Aldaketa behar bezala seinaleztatuko da.