Gazteentzako ikasteko gela autonomoa jarriko du martxan Udalak Kulturaten
2024/10/22Arrasateko Udalak gazteentzako ikasgela autonomo bat jarriko du martxan. Ikasgela berri hau Kulturaten egongo da, eta 9:00etatik 1:30ak arte erabili ahal izango da. Sarbidea txartel elektroniko pertsonal bidez egin beharko da, Seber Altube plazan dagoen atetik (pintura gelara joateko erabiltzen den atea). Zerbitzu berria aurkezten izan dira Gladys Fernandez Belaunaldiarteko zinegotzia eta Andoni Arratibel Kultura zinegotzia.
“Gazteen eskaera historikoa”
Gazteria saila barnebiltzen duen duen Belaunaldiartekotasun saileko zinegotziak azaldu ditu zerbitzu berria martxan jartzeko arrazoiak. "Ikasteko gela bat egotea gazteen eskaera historikoa izan da. Azterketa garaiak oso gogorrak izaten dira, eta askotan etxean ez dira isiltasun eta kontzentrazio baldintzak betetzen. Gainera, liburutegiaren ordutegia mugatua da, eta, ondorioz, ikasteko gela honek aukera berriak eskaintzen dizkie gazteei beraien ikasketak burutzeko prozesuan” azaldu du.
Kulturaten, 9:00etatik 1:30era zabalik
Kulturate eraikinean egongo den ikasteko gela berria azaroaren 4an jarriko da martxan, eta datorren astean hasiko dira izen emateak, urriaren 28an, astelehena. “Gaur egun liburutegitik sarrera duen ikasgela berbera izango da, baina aurrerantzean Seber Altube plazatik sartu beharko da txartel pertsonalizatu bidez” azaldu du Andoni Arratibel Kultura zinegotziak.
“2025eko uztailaren 30 arte frogaldi epean egongo da zerbitzua. Tarte horretan, egiten den erabileraren arabera, ordutegi edo erabilera irizpideak aldatu daitezke, betiere zerbitzua hobetzeko edota zerbitzuaren erabileraren ondorioz eratorritako aldaketak ezartzeko”.
Zerbitzuaren xehetasunak:
- Ordutegia: astelehenetik igandera 9:00 - 01:30
- Lekua: Kulturateko ikasteko gela, Seber Altube plazatik sarbidea.
- Erabiltzeko metodoa:
- Txartel pertsonalizatu bidezko sarbidea izango du. Horretarako izena eman beharko da Udal webgunean urriaren 28tik aurrera, eta, ondoren, txartela bibliotekan jaso.
- Erabiltzeko baldintzak:
- 16 urte baino gehiago izatea
- Arrasaten erroldatuta egotea
- Zerbitzua azaroaren 4ean jarriko da martxan
Erabilera irizpideak eta espazioaren “ardura kolektiboa”
Espazioa zaintzeko erabilera irizpideak ezarri ditu Udalak dokumentu honetan. Ikasteko gelaren zaintza “ardura kolektiboa” dela adierazi du Arratibelek, bertako aforoa, isiltasuna, altzariak eta garbitasuna errespetatuz.