Arrasateko Udalak “irmoki” gaitzetsi du zuhaitzak moztu izana azken egunetan herriko hainbat lekutan

2022/08/26
Card image cap
Kulturate inguruko 7 zuhaitz eta Garibai kaleko 1 eta 9 atarien artean lorontzietan dauden zuhaitz guztiak moztu dituzte zerraz edo aizkoraz azken bi egunetan.

Arrasateko Udalak "irmoki" salatu du herriko zuhaitz ugari zerraz moztu izana azken bi egunetan. Duela bi egun, abuztuaren 24ko gauean, Kulturate inguruan 7 zuhaitz moztu dituzte zerraz. Bart, berriz, Garibai kaleko 1 eta 9 atarien artean lorontzietan zeuden zuhaitz guztiak moztu dituzte burua estalita zeramaten 4 pertsonak. Gaueko 00:00ak aldera jazo zen gertakaria eta bizilagunen oihuek ohartarazita, ihes egin zuten bertatik.

Udalak salatu du Ekobulebarreko ureztatze automatikoko sisteman ere kalteak izan direla. Udalak nabarmendu du, gainera, “ureztatze sistemetan aditua den pertsona batek edo batzuek eragin dute kaltea, ikusita zer teknika erabili den”.

Hilabete honetan gertatu diren hiru ekintza bandaliko dira, eta udalak gaitzespena adierazi du, eta gaineratu du horrelako jarrerek "gizalege, sentsibilitate eta errespetu falta" erakusten dutela. "Tamalgarria iruditzen zaigu aldez aurretik pentsatutako, nahita egindako eta prest dauden ekintza bandalikoak egitea kaltea egiteagatik soilik; izan ere, azkenean, bilatzen duen gauza bakarra da udalerriko natura ondarean kalteak eragitea, herritarrei inguruneaz gozatzea mugatutzeko, eta, gainera, mantentze eta birgaitze gastu gehigarriak sortzeko". Hori dela eta, erantzukizuna eskatu du, eta jokabide eta jarduera horiek bertan behera uzteko, Arrasateren onerako.

Zoritxarrez, ekintza bandaliko horiek ez dira udalak aurre egin behar izan dien lehenak izan uda honetan, parkeei eta lorategiei dagokienez. Uztailean, Arrasateko Udalak Iturbide Egoitzako lorategien inguruan izandako kalteak ere salatu zituen; gainera, uztailaren hasieran lore-apaingarri ugari landatu zituen bertan. Orduan, ezezagun batek edo batzuek loreak erauzi eta lurrera bota zituzten, eta zaborrontzi bat irauli zuten lorategian.