3. Kontseilua

2025/02/19
Card image cap
9-12 urte bitarteko aurre-nerabeei zuzendutako aisialdi zerbitzu berria landu dugu.

Borobilean goxo eseri ostean, kontseilura ongi etorria eman, aurreko saioa errepasatu eta goizak izango duen egitura azaldu dugu. Bide batez, Zer moduz nator? erronda egin dugu talde egoeraren berri izateko.

Jarraian, eguneko gaia kokatu dugu. Uda ostean irekitzekoa den aurreneraeentzako aisialdi zerbitzu berriari begira jarri gara. Hau horrela, Blankak (gazteria teknikaria) zerbitzu honek izango dituen ezaugarri nagusiak azaldu dizkigu. Hala nola, ordutegia, egutegia, izaera eta ekintza motak.

Atsedenera joan aurretik, zerbitzu honek izango duen kokapena aurrez-aurre ezagutzera joan gara. Espazio hau, Kulturateko ate nagusiaren parean dago. Bisita honek, espazioarekin familiarizatzen lagundu digu eta ondorengo ariketak egiteko baliogarria izan zaigu.

Gaurko atsedena Sebero plazan egin dugu, eguzkitan hamaiketakoa janez.

Ostean, Kulturatera itzuli eta saioaren bigarren zatiari ekin diogu. Horretarako hiru taldetan banatuz, txoko ezberdinak antolatu ditugu egitekoen arabera. Lehenengo txokoan, zerbitzuaren izena zehazten jardun dugu. Bigarren txokoan, espazioan egon beharreko material zein honen antolamendua irudikatzen aritu gara eta azken txokoan berriz, zerbitzuaren abiatzearen inguruan ideiak partekatu ditugu.

Saioarekin amaitzeko, haur bakoitzari kontseiluko koadernoa banatu diogu. Bertan, norberak saio bakoitzaren kronika zein balorazio egiteko aukera izan du, modu librean. Azken bost minutuak koaderno hau osatzen eman ditugu.