Oinezkoen pasabide berri batek Otalora lizentziaduna eta Ignacio Zuloaga kaleak lotuko ditu

2024/01/10
Card image cap
Obren exekuzio epea 8 astekoa izango da, eta horiek egiteko aurrekontua 98.048,57 €-takoa da (BEZa barne)

Arrasatek oinezkoentzako pasabide berri bat izango du, Ignacio Zuloagaren 8. atariaren paretik Olarte kantoiraino, modu zuzenagoan gurutzatu ahal izateko, ahalik eta jarraitutasun linealena emanez.

Oinezkoei segurtasun handiagoa emate aldera, erabaki da Otalora Lizentziaduna kaleko zebra bidea argizkoa izatea; hau da, bide marra horizontalak eta seinale bertikalak argiztatzea, gidariari oinezko bat hurbiltzen dela ohartarazteko. Halaber, motorrentzako aparkaleku berriek ere gidari-oinezkoen ikuspena errazteko, elementu baliagarri gisa ezarriko dira.

Lorategiko berdeguneari dagokionez, haren zati bat kenduko da, oinezkoentzako espaloi bat sortzeko, edukiontzietarako irisgarritasuna hobetzeko. Inpaktua leuntze aldera, zabalgune horri zuhaitz bi gehituko zaizkio.

Segurtasuna hobetzeko pasabidea

Gaur gaurkoz, bi zebra bidek lotzen dituzte alde zaharra eta Monterron parkea, Pablo Uranga eta Igancio Zuloaga kaleek sortutako espazioa: bata dago Monterron jauregiaren parean eta bestea San Frantzisko plazaren parean. Ikusi da herritar batzuek errepidea gurutzatzen dutela bi zebra bideen artean dauden puntu desegokietatik, eta segurtasun arazoak sortzen dituztela.

Gainera, bizilagunek zaborra bota nahi dutenean behartuta daude itzulinguru bat egitera, erdiko irlatxotik baino ezin baita zaborrontzia erabili. Horri dagokionez, irlatxoan dauden edukiontzietarako sarbidea hobetu nahi da, inguratu beharrik edo gurutzatze desegokirik ez izateko.

Horregatik, inguruan bizi diren herritarrek eskatua zuten gune horretan zebra bidea egitea, eta “2022an azterketa egitea ontzat eman bazen ere, 2023ko aurrekontuek ez zuten aurreikusten zebra bidearen exekuzio obrarik. Udal gobernu berriak, kreditu aldaketaren bitartez, zebra bide berria egitea bideratu du” adierazi du Kepa Urteaga Auzoen eta Obra, Zerbitzu eta Mantentze saileko zinegotziak.

Obrak 2024aren lehen seihilekoan egingo dira

Pasabide berria egiteko aurrekontua 98.048,57 €-koa da, BEZa barne, eta 8 asteko exekuzio epea izango du. Dagoeneko proiektua lehiaketa fasean dago, eta eskaintzak aurkezteko azken eguna izango da 2024ko urtarrilaren 16an, 18:00etan. Behin lehiaketa ebatzita, obrak hasten direnean, enpresak 8 asteko exekuzio epea izango du. Obrak 2024ko lehen seihilekoan egitea aurreikusten da.