Arrasateko Udalak herriko ingurumen naturala mantentzeko duen konpromisoa berretsi du Larragain elkartearekin hitzarmena berrituz

2021/02/03
Card image cap
Udalak eta Larragain elkarteak hitzarmena sinatu dute Kurtzetxiki mendia elkarlanean kudeatu eta finantzatzeko.

Arrasateko Udalak, herriko ingurumen naturala mantentzeko duen konpromisoa berretsiz, hitzarmena berritu du Larragain elkartearekin, Kurtzetxiki mendian kontserbazio lanak egin eta ingurumen baliabideak sustatzeko. Udalak adierazi duenez, “pandemia garaian nabarmen areagotu da eremuaren erabilera; hortaz, ezinbestekoa da mendiaren kontserbazioan aurrera pausuak ematea eta ingurumen errekuperazioa lortzea, mendiaren ingurumen, kultura, paisaia baliabideak eta aisialdi aktiboa sustatzen dutenak guztion eskura egon daitezen.”

Hitzarmenaren bidez, asmoa da larrean ibiltzeko sistema erregulatzea Kurtzetxiki mendian, zehazki goiko aldean dagoen bazkalekuan edo etorkizunean ezarri daitekeen eremuan. Helburua da larratze lanak eta mendiaren kontserbazioa eta hobekuntza lanak bateragarriak izatea, hau da, Gipuzkoako lurraldearen mendiei eta abere kudeaketari buruz ezarrita dauden neurriekin jarraitzea, eta lehen sektorea sustatzea. “Gure inguruko nekazari eta abeltzainei baliabideak eman behar dizkiegu lehen sektorea indartzeko, kontuan izanik lehentasuna dela ingurumenaren eta biodibertsitatearen babesa.” Arrasateko Udalak 6.000 euroko dirulaguntza bideratuko du Larragain elkartera bere jarduerak finantzatzeko.

Larragain elkartearen helburua da Arrasateko ganaduzaleek elkarlanean kudeatzea Kurtzetxiki mendiko larreak eta Arrasateko Udalaren jabetzako beste larre publiko batzuk; baita ere, elkarlanean ganaduzaleekin eta udalarekin, larre publikoen kudeaketa plana adostea, larreen hobekuntza bultzatzea eta Arrasateko lehen sektorea indartzea; gainera, abereen identifikazioa gauzatzea taldeko larratze erregimenean, eta indarrean dauden osasun arauak eta abereen mugimendurako arauak betetzea.

Arrasateko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariekin elkarlanean, aztertu du zein den abelburu kopuru egokiena Kurtzetxikiko larreak modu jasangarrian aprobetxatzeko. Gehieneko kopurua hauxe izango litzateke: apirilaren 1etik urriaren 31ra 25-30 azienda buru larri (behiak eta behorrak) eta azaroaren 1etik abenduaren 31ra 120 azienda buru xehe (ardiak…).

2021ean, Arrasateko 7 abeltzainek izango dute euren ganadua Kurtzetxikin, 2020an bezala:

  • Sabino Llodiok apirilaren 1etik urriaren 31ra 5 behor.
  • Juan Jose Iturbek azaroaren 1etik abenduaren 31ra 75 ardi.
  • Aitor Murgoitiok apirilaren 1etik urriaren 31ra 5 behi.
  • Aitor Aranak apirilaren 1etik urriaren 31ra 5 behi.
  • Jesus Garaik apirilaren 1etik urriaren 31ra 5 behi.
  • J.M. Plazaolak apirilaren 1etik urriaren 31ra 5 behi/behor.
  • Maria Pilar Ibabek apirilaren 1etik urriaren 31ra 3 behi.

Udalak adierazi duenez, “oso aberasgarria da udal larreen kudeaketaren hitzarmenari esker abeltzainak eta udala elkarlanean aritzea, izan ere, lehen sektorearen partaidetza ezinbestekoa da gure ingurunea zaindu eta gure mendiak mantentzeko.”