Arrasateko Udaleko Berdintasun sailak martxan jarri du ‘Martxoak 8’ko XXV. Kartel Lehiaketa
2022/01/18Martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Eguna da. Arrasateko Udaleko Berdintasun saila motorrak berotzen hasi da eta XXV. Kartel Lehiaketa jarri du abian.
Aurtengo edizioaren goiburua liburu honetan oinarritu da: “Feminismoa denon kontua da: politika pasio”, bell hooks ezizenarekin ezagutzen den Gloria Jean Watkins, idazle eta aktibista ezagunarena. Feminism is for Everybody: Passionate Politics (2000).
“bell hooks” 2021eko abenduan hil zen, eta lehiaketaren edizio honetan aitortu gura da mundu guztiarentzako feminismoaren alde zer lan eta borroka egin zuen.
Idazle eta aktibista estatubatuarrak hainbat gai lantzen ditu liburu honetan: hezkuntza, ugalketa eskubideak, klase borrokak, arrazakeria, maitasuna eta sexua, besteak beste. Gai horien lanketatik abiatuta eta arraza, klasea eta sexuaren aurrean norberaren posizioa aztertu eta gero, mundu guztia feminismoarekin bat egitera gonbidatzen du.
Izan ere, aktibistak idatzi bezala, "Ausardia izan behar dugu iraganetik ikasteko eta printzipio feministak gure bizitzako eremu publiko eta pribatu guztietan nagusi izango diren etorkizunaren alde lan egiteko".
Lanak aurkezteko epea otsailaren 14ra bitartekoa izango da, astelehena, Arrasateko BAZen. Saria izango da 450 eurokoa.
Oinarriak bere osotasunean hemen kontsultatu daitezke. Edozein zalantza argitzeko, jarri harremanetan Emakume Txokoarekin 943 79 41 39 edo 618 206 233 telefonoen bidez, edo emakumetxokoa@arrasate.eus helbide elektronikoaren bidez.