Ibai-Arte merkatari elkarteak eta Arrasateko Udalak egitarau zabala antolatu dute Gabonetarako

2021/12/02
Card image cap
Abenduaren 4tik 30era Arrasateko kale eta guneetan izango ditugu: jolas parkea, zirkua, blues kontzertuak, Zahara Galán abeslari arrasatearraren emanaldia eta ikuskizun artistikoak

Gabonak abenduaren 2an iritsiko dira Arrasatera, gabon argiak isiotzearekin bat, baina egun horretatik aurrera ekitaldi mordoak emango diote jarraipena. Prentsa agerraldian eskaini dituzte xehetasunak Maria Ubarretxena alkateak, Bea Etxabe Ibai-Arte merkatari elkarteko presidenteak eta Zahara Galán abeslariak.

Maria Ubarretxena alkateak nabarmendu du “elkarlanetik sortutako egitaraua dela, merkatari elkarteak proposatua eta garatua, herritar zein bisitari guztientzat. Funtsa bakarra da: gure kaleak dinamizatzea, Arrasate bizi eta herriko saltokietan erostea eta kontsumitzea. Gure hiri ekonomiak behar du izan Gabon kanpaina ona, eta egitarau honekin, gura dugu herritarrek kalera irten dezaten, herrian ibiltzera, eskaintza oso bat eskainiz, non ekitaldiez gozatu dezakegun, haurrentzako ekintzak egin, erosi eta dastatu”.

Alkateak nabarmendu du “errekuperazio fasean bagaude ere, Covid-19ak oraindik gure artean jarraitzen du. Horren ondorioz, ezinbestekoa da prebentzio eta segurtasun neurri guztiak betetzea. Gakoa da oreka. Esfortzu handia egiten ari da tokiko merkataritza, beren espazioak seguruak izan daitezen, eta aukera bat izatea gura dugu".

Bere aldetik, Ibai-Arte merkatari elkarteko presidente Bea Etxabek nabarmendu du “Covid-19aren pandemiak zuzenean eragin digu merkatarioi, baina pixkanaka gura dugu herriaren bizitasuna berreskuratu dadin, eta horretarako herritar zein bisitarientzat ekintza eta eskaintza erakargarriak osatu. Gure helburua da Arrasate herri komertzial eta bizia izatea, gorantza eroatea berriro ere”.

Hona hemen abenduaren 4tik 30era izango den programazioa:

  • Abenduaren 4 eta 5ean jolas parkea Biteri plazan, 11:30-14:00 eta 17:30-20:00. Puzgarri saltaria, txirrista, bola zoroak eta abentura askotako zirkuitua tirolinarekin.
  • Abenduaren 11n, herriko kaleetan, 12:00-14:00, Zirkun  Zirko. Arrasateko kaleetan zehar malabaristak, akrobatak, orekariak… ere ibiliko dira.
  • Abenduaren 11n, 19:00etan, herriko kaleetan A-TA-KA! Ikuskizuna. Zerua koreografien bitartez eraldatu eta argitzen duten izaki hegalari naturalen ikuskizuna.
  • Abenduaren 11 eta 12an, jolas parkea Biteri plazan 11:30-14:00 eta 17:30-20:00. Puzgarri saltaria, Army multi oztopoen pista, sistema interaktiboa, sky simulagailua eta jumping-a.
  • Abenduaren 17an, 19:00etan, Arbolapetan, Arrasate Blues 365 eta William taldeen musika akustikoa zuzenean.
  • Abenduaren 19an, jolas parkea Biteri plazan, 11:30-14:00 eta 17:30-20:00. Puzgarri erako txirrista, puzgarri saltaria, ‘Bizkortu eta salto egin’ jolasa eta jumping-a.
  • Abenduaren 20an, 19:15ean, Herriko plazan, Zahara Galán abeslari arrasatearraren kontzertua, eta Gabonetako 50 saskiren banaketa.
  • Abenduaren 28, 29 eta 30ean, jolas parkea Biteri plazan, 11:30-14:00 eta 17:30-20:00. Sky simulagailua eta abentura askotako zirkuitua tirolinarekin.