Inauteri bateratuak ospatuko dituzte bigarren aldiz Arrasate Herri Eskolako eta Arizmendi Ikastolako haurrek

2025/03/03
Card image cap
Hiru gune nagusitan banatuko dira inauteri bateratuak ospatzeko: Uribe-San Andres, Erdigunea eta Musakola. Helburu nagusia hezkuntza komunitate osoa batzea da, bereizketa eta segregazioa ekiditeko. Ekimenak Udalaren eta Txatxilipurdi elkartearen laguntza izango du.

Arrasate Herri Eskolako eta Arizmendi Ikastolako haurrek inauteri bateratuak ospatuko dituzte bihar, martxoak 4, bigarren urtez jarraian. Pasa den urteko emaitza positiboa baloratuta, aurten, berriz ere errepikatuko dute ekintza bateratua. Helburu nagusia hezkuntza komunitate osoa batzea da, bereizketa eta segregazioa ekiditeko.

Hezkuntza eta hizkuntza diagnosia lantaldetik egindako hausnarketan, ikastetxeek ekimen bateratuak egiteko beharra identifikatu eta proposamenak abiarazi zituzten. Horien artean aurkitzen da, inauteri bateratuak egiteko, Arrasate Herri Eskolak eta Arizmendi Ikastolak aurkeztutako iniziatiba. Hezkuntza eta hizkuntza diagnosiaren lantaldearen parte izan den Arrasateko Udala bidelagun izan dute, eta lanketa honen emaitza hiru gune nagusietan antolatu diren inauteri bateratuak izan dira.

Hiru gune nagusi haurren elkargunerako

Ikastetxeen kokalekuak kontutan izanda, herriko hiru gune aukeratu dituzte inauteri bateratuak ospatzeko: Uribe-San Andres, Erdigunea eta Musakola.

Gune guztiek egitarau berdina izango dute. Hasteko, ikasleak, ikastetxez ikastetxe joango dira kalejiran batzen, guneko plaza baten amaitzeko. Uribe-San Andres guneak Maiatzaren 1a plazan amaituko du, Erdiguneko guneak Jose Maria Arizmendiarreta plazan, eta Musakolak San Isidro plazan.

Behin plazan, Arrasate Herri Eskolako eta Arizmendi Ikastolako ikasle banak pregoia botako dute, eta dantzaldiari ekingo diote.