Herritar talde batek 2021/22ko partaidetzazko aurrekontuen bozketa fasera pasatuko diren 20 proposamenak lehenetsiko ditu

2022/01/20
Card image cap
Leheneste taldeak bilera bi egingo ditu: urtarrilaren 25ean eta otsailaren 2an.

2021eko eta 2022ko partaidetzazko aurrekontuen prozesua aurrera doa. Amaitu da 'Zeuk erabaki, tú decides' prozesuaren lehen fasea. Herritarrek ehunka proposamen egin zituzten 2021eko azaroan. Proposamenek baldintza hauek bete behar izan dituzte: udal eskumenekoak izatea, urte biko epean gauzatu ahal izatea, bideragarritasun teknikoa gainditzea, 125.000 euroko gehieneko kostua izatea, aurreko prozesu baten emaitza ez ezabatzea, dagoeneko onartuta dagoen udal plan baten aurka ez egitea eta interes orokorrekoa izatea. Partaidetzazko aurrekontuetarako 500.000 euro bideratuko dira.

Orain, proposamenak aztertu eta sailkatu ostean, 10 eta 14 boluntario artean dituen Leheneste Taldeak lehentasuna emango die Bozketa Faserako 20 proposamenei. Talde horretan parte hartuko duten pertsonak hiru irizpideren arabera aukeratu dira: adina, generoa eta bizilekua. Guztira bilera bi egingo dira: urtarrilaren 25ean eta otsailaren 2an.

3. Fase erabakitzailea, martxoan abian

Boluntarioek osatutako Leheneste Taldeak hautatutako ekimenak fase honetara igaroko dira: azterketa teknikoa. Udal teknikariek hautatutako proposamen guztiak aztertuko dituzte, eta proiektu izaera emango diete bideragarritasun teknikoa, legala eta azpiegiturazkoa aztertu eta gero. Otsailean gauzatuko da.

Hogei bat proposamen Bozketa Fasera pasatuko dira. Fase hori martxo eta apiril artean garatuko da, eta herritarrek botoa eman ahal izango dute online eta modu presentzialean apirilean. Prozedura eta bozketa noiz izango diren martxoaren hasieran jakinaraziko da.

Udal ordezkariek nabarmendu dute bozketa sistema erakargarri bat lantzen ari direla fase horretan erabiltzeko, bereziki haurren eta gazteen parte hartzea sustatzeko.