Bizi ohitura osasuntsuen aldeko ibilaldia
2018/05/28Asmoa herritarren artean bizi ohitura osasuntsuak bultzatzea da, komunitatea sentsibilizatuz tabakorik ez erretzeak eta tabakoari uzteak dituen abantailez, eta baita elikadura osasungarriak eta jarduera fisikoa egiteak dakartzan onurez ere.
Ibilaldian ikasturtean zehar “Kerik Gabeko Gazteak” programan parte hartu duten Arizmendi Ikastolako eta Institutuko DBH 1go mailako ikasleek parte hartuko dute, eta baita jubilatu elkarteak eta Bizi Poz programan parte hartu zuten pertsonak ere.
Ekimen honekin, Debagoieneko haur, nerabe eta helduen osasunean positiboki eragitea espero dugu. Eta horretarako, animatu nahi ditugu belaunaldi ezberdinetako herritarrak ibilaldian parte hartzera.
Hori dela eta, animatzen zaituztegu, maiatzaren 31an, 11:00etan herriko plazara etortzera. Handik, Monterron parkera eta bide-gorrirantz abiatuko gara, eta 3km pasatxoko buelta egin ostean Santa Barbara parkean amaituko dugu ibilaldia.
Gonbidatuta zaudete guztiok, animatu!