“Immigrazioa, eskola eta bizikidetza” hitzaldia maiatzaren 12an Kulturaten Amelia Barquinen eskutik
2021/05/06Maiatzaren 12an, 18:00etan, Kulturaten, areto nagusian, “Immigrazioa, eskola eta bizikidetza” izeneko hitzaldia eskainiko du Amelia Barquínek, Arrasateko Udaleko Ongizate sailak antolatuta.
Filologian doktorea eta gaur egun HUHEZIko irakasleak ikergai izan ditu testuinguru kultura anitzetako ikaskuntza eta irakaskuntza. 2002tik Mondragon Unibertsitateko Humanitateen eta Hezkuntza Zientzien fakultateko ELEA taldeko koordinatzailea da, haren oinarri nagusia izanik hiritartasuneko hezkuntza.
Bere ikerketa hezkuntza eta kultura aniztasunera zuzendu delarik, azken hamarkadetan euskal eskolak immigrazioaren errealitateari eman dion erantzuna izango du aztergai datorren maiatzaren 12an. Izan ere, XXI. mendeko bigarren hamarkadan, immigrazioaren etorrera izan da, beharbada, aurreko hamarkadan euskal eskolari gertatu zaion gertakaririk garrantzitsuena.
Aipatzekoa da euskal eskolak bere gain hartu duela eta erantzuna eman diola immigrazioak planteatu duen egoerari. Gertakariaren abiadura eta garrantzia gorabehera, hezkuntza sistema gai izan da aurreikusi gabeko ikasleen ekarpen hori hartzeko eta artatzeko, horrek ekarri duen guztiarekin. Atzean daude euskal eskolako irakasleen zati oso garrantzitsu baten ahalegina eta inplikazioa.
Horrela, bada, hitzaldian emango du gertaeraren eboluzioaren prozesua eta gaur egun hezkuntza sistema dagoen egoeraren analisiaren inguruko informazioa; gizartean hedatuta egon daitezkeen usteen aurrean, kontrastatutako informazioa zabaldu.