Alde Zaharreko Plan Berezian aurrerapausoa, Herritarren Aholku Kontseiluak baloratu ostean

2021/01/21
Card image cap
24 proposamen egin dira Alde Zaharreko Plan Berezia berrikusteko, eta horietako 19rekin ados agertu da Herritarren Aholku Kontseilua; beste lau proposamenetan kontseiluak ez du iritzi bateraturik, eta ez da azaltzen ez alde, ez kontra.

Arrasateko Udalak Alde Zaharreko Plan Berezia berrikusteko prozedura jarri zuen abian 2019an. Orduan lehen fasea egin zen, iradokizunak jaso, eta 2020ko urriko Osoko  Bilkuran erabaki zen Arrasateko Herrigune Historikoa eta Errebalak erabat birgaitzeko Plan Berezia berrikusteko prozedura hastea, eta Herritarrek Parte Hartzeko Programa ere bai. Urritik abendura 2. fasea garatu da: Udal Planeamenduaren Aholku Kontseiluak dokumentazio teknikoa aztertu du, eta iradokizunen txostena egin du, 24 proposamenen gainean.

Aholku Kontseilua hogeitik gora lagunek osatzen dute. Kide dira alkatea, udal talde politiko bakoitzeko ordezkari bana, baserri auzoetako eta herriko auzoetako alkateak, eta hainbat elkarte edo taldetako ordezkariak. Kontseiluaren betebeharra da udalak lantzen dituen hirigintza gaietan parte hartzea: iradokizunak egin, hirigintza antolamenduarekin lotutako txostenak egin,  proposamenak, aholkularitza lanak eta halakoak.

Taldeak guztira 5 bilera egin ditu. Kontseiluaren bilerak gidatu dituzte Hirigintza, Ingurumen eta Mugikortasun saileko teknikariek, bai azalpen teknikoak emateari dagokionez (udal arkitektoa), bai dinamizatzaileari dagokionez (Hirigintza saileko burua). Bilera hauetan batez beste 20 laguneko taldea ari da saio bakoitzean. Dinamizatzaileak gidatuta, proposamenak talde txikitan landu dira (4-5 lagunekoak). Lanketa hori egin ostean, emaitzak talde osoaren aurrean plazaratu dira. Dinamikaren helburua izan da ahalik eta adostasun zabalenak lortzea: gai batzuetan adostasun osoak lortu dira, beste batzuetan maila handiko adostasunak, ez alde ez kontra, eta beste batzuetan, aldiz, ez da lortu adostasunik.

Aholku Kontseilua ados agertu da 24 proposamenetatik 19rekin. Hala nola:

1. Esparruaren antolaketa 2 gunetan egitea. Alde zaharra bitan banatzea: ondare babestua den almendra, alde batetik, eta beste zatia, bestetik.

2. Aukera izatea sotoak eraikitzeko: arkeologia esparruko araudia betetzeko baldintzapean.

4. Toldoak: gaur egun, ezin da toldorik ezarri, soilik azken solairuko terrazan; hortaz, toldoak jartzeko baldintzak zehaztea eta toldoak jartzeko aukera baimentzea.

5. Begiratokiak: gaur egun araudiak ez du lagatzen begiratoki berririk egiterik, eta daudenetatik batzuk babesten ditu, ez denak. Proposamen berriak hainbat irizpide jasotzen du begiratokiei buruz, izan zaharrak edo berriak.

6. Arotzerien materialak: proposatzen da, esaterako, arotzerien materialen artean egurraren imitazioa onartzea.

7. Behe solairuko baoen (etxebizitzetako hormetako tarte libreak) konposaketa. Baoen inguruko araudia nahiko zorrotza da. Legedian jasota dago baoek proportzio bertikala behar dutela izan, hau da, altueran luzeagoak behar dutela izan zabaleran baino. Proposatu da proportzio bertikala deuseztatzea. 

8. Aukera izatea partzelak batzeko. Partzelak batzea, eta hutsik dauden espazio libreak finkatzea, espazio publikoa handitzeko.

9. Eraiki gabeko espazio libreak finkatzea.

10. Eraikinetan jarduteko irizpide berriak. Eraikinetan jarduteko irizpideak berritzea, esaterako, Iturriotz kaleko 13 zenbakia, gaur egun ekipamendua dena, etxebizitza erabilerara aldatzea edo Zeharkale Estalia 1eko eta Erdiko kalea 11ko partzelak berrantolatzea.

11. Iturriotz 13. Alai zinemaren eraikina. Ekipamendu pribatu eran dago jasota Alde Zaharreko Plan Orokorrean. Proposamena da ekipamendu pribatuko izaerari eustea, aukera eskaintzea etxebizitzak egiteko, hainbat baldintza betez.

12. Zeharkale Estalia 1, Erdiko kalea 11.  Udaletxearen atzeko eraikina. Etxebizitza eraikina da. Proposatzen da erabilera aldatzea, ekipamendu erabilerara pasatzea.

13. Araudiaren betetzea, bai eraikuntzaren babes mailaren arabera, bai interbentzio graduaren arabera. Ikusita Alde Zaharreko monumentu izaera duten eraikuntzetan araudiak zurruntasun maila handia duela, hobekuntza proposamenak daude. Hortaz, araudia betetzea lehenetsita, mantentze lanak egiteko, eskatzen da eraikuntzaren babes maila eta interbentzio gradua ere kontuan hartzea.

15. Irisgarritasuna. Alde Zaharra ere ardatz izanik, eskatu da aldaketa batzuk egitea irisgarritasun planean.

16. Birgaitze edo kontserbatze dirulaguntzak. Proposatu dute birgaitze eta kontserbatze lanetarako laguntzak ordenantza fiskalen bitartez arautzea, urtero gainbegiratzen direlako. Proposatu da ere lehentasuna ematea karkabak liberatzeari.

18. Alde Zaharreko Plan Berezira egokitzeko irizpideak egoki zehaztea.

19. Zuntz optikoa ezartzea. Beste proposamen batean eskatzen da zuntz optikoa ezartzea.

21. Hirigintza kargen kalkulua. Hirigintza kargen kalkuluari dagokionez, eskatzen da kargak indarrean dagoen hirigintza araudira egokitzea, eta igogailuei dagokienez, hiru proposamen egin dituzte, igogailuak teilatutik haratago eraiki ahal izateko: altuera jakin bat igotzea baimentzea (50 cm), teilatuaren malda gehitzen uztea (% 1) eta teilatuaren hegala eraldatzea.

23. Igogailuak jartzeak teilatuetan duen eragina onartzea Alde Zaharreko Plan Berezian, modu bitara: teilatuaren angelua handituz eta fatxadan metro erdi altxatzea baimenduz. Horrekin, bermatuko litzateke Alde Zaharreko azken solairuetara iristea.

Beste bi proposamenetan kontseiluak ez du iritzi bateraturik, eta ez da azaltzen, ez alde ez kontra. Hain zuzen ere, 3, 20, 22, eta 24 proposamenekin:

3. Garajeak sotoan eraikitzea.

20 Behe solairuen erabilera. Proposamena zen solairuak erabiltzeko irizpideak kokapenaren eta inguruko gune publikoen araberakoak izatea.

Beste bitan, aldiz, ez da azaltzen, ez alde ez kontra:

22. Iturriotz 29. Eranskina dauka: elizaren kantoiarekin bat egiten duena. Alde Zaharreko Plan Berezian bertan gaur egun pentsatuta dago eremu publiko bat sortzea. Proposatzen da eranskin horrekin jarraitzea.

24. Arrasate pasealekua 6. Lur zati pribatu baten barruan dago. Gaur egun pentsatuta dago botatzea. Proposamena da mahai gainean jartzea aukera egon dadin Plan Berriarekin jarraitzeko.

Orain, Udaleko Hirigintza sailak, kontuan izanik Aholku Kontseiluak zer proposamen egin dituen, jarraituko du Alde Zaharreko Hirigintza Plan Berezia eguneratzen. Maria Ubarretxena alkateak nabarmendu du “oso aberasgarria” izan dela herritarrekin egindako lanketa: “Arrasatearrek ematen diote identitatea gure herriari, eta horregatik da hain garrantzitsua Etorkizuneko Arrasateren definizioa elkarlanean egitea, proiektu partekatua den heinean. Esker berbak bidali gura dizkiet parte hartzaile guztiei. Orain Udaleko Hirigintza sailak lanean jarraituko du proposamen bakoitzaren gainean”.

Orain Kontseiluaren proposamena, behin Hirigintza sailak aztertu ostean,  Udalak Osoko Bilkurara eramango du bertan onartu izan dadin.