‘Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz’ kanpainara batu da beste urte batez Arrasateko Udala, tokiko merkataritzan zein ostalaritzan euskararen erabilera sustatzeko

2023/12/19
Card image cap
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak bultzatuta, kanpainaren helburua da herritarrak aktibatzea, erosketa edo kontsumitze unean euskara erabili dezaten, baita merkatariak zein ostalariak aktibatzea ere, gerturatzen diren herritarrei euskaraz egin diezaieten.

Eguberriak erosketa eta kontsumo egun indartsuak dira izatez eta, horren harira, Arrasateko Udalak tokiko merkataritzaren indartzean jartzen du fokua, eta hori lortze aldera hainbat ekintza sustatzen du, besteak beste, erakusleiho lehiaketa eta tokiko merkataritzaren aldeko spota.

Baina tokiko merkataritza indartzeaz gain, Arrasateko Udalak euskararen aldeko apustua ere berretsi du garai honetan, eta, horretarako, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak bultzatutako ‘Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz’ kanpainara batu da beste urte batez, euskara eta tokiko merkataritza uztartzeko.

Hori horrela, kanpainaren helburua da herritarrak aktibatzea, erosketak egin edo kontsumitzeko unean euskara erabili dezaten. Eta kanpaina honek, herritarrez gain, merkatariak eta ostalariak ere aktibatu nahi ditu, euskaraz egin diezaieten herritarrei. Kanpainak, beraz, helburu bikoitza betetzen du: euskara sustatzea, batetik, eta herritarrak herriko establezimenduetan kontsumitzera animatzea, bestetik.

‘Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz’ kanpaina abenduaren 31 bitartean gauzatuko da, eta gure hizkuntza eremu sozioekonomikoan sustatzeko planaren helburuei erantzuten die. Horri jarraikiz, Arrasateko Udalak kanpainaren berri eman die herriko saltoki guztiei, kanpainan parte hartu dezaten animatzeko, Gabonetan ere Arrasatek euskaraz egiten jarraitu dezan.