Esleituta Musakolako Nao Santiago haur parkea berritzeko lanak

2018/05/30
Card image cap
Bertan egingo diren hobekuntzen artean, besteak beste, joko berriak jarriko dira, esate baterako matxinsaltoa, Mega Swing, Family Jarlekua eta orain arte Arrasaten aurrez egon ez den malguki bat

Arrasateko haur parkeak biziberritzeko apustuan, oraingoan Musakolako Nao Santiago jolas gunea egokitzeari ekingo dio Udalak, espazio hori herritarren eta bereziki haurren behar eta nahietara egokituz.

Horretarako lehiaketa publiko bat ireki zuen Udalak duela 4 hilabete eta guztira 10 enpresen proposamenak jaso ditu. Orain, horien guztien bideragarritasuna aztertuta, haur parkeen eraikuntzan eta egokitzapenean aditua den Sumalim enpresari esleitu dizkio Udalak aipatu parkea eraberritzeko lanak 82.279,15€ko aurrekontuarekin.  

Nao Santiago parkean egingo diren lanen artean, bertako jolasen berrikuntza izango da nabarmenena. Izan ere, 4 joko berri jarriko dira bertan: matxinsaltoa, Mega Swing deiturikoa, Family jarlekua eta malgukia. Lanak ekainean hastea aurreikusten da.

area2_nao

Eraberritze eta egokitzapen lan horiek guztiekin Udalaren helburua da haurrei aisialdia eta jolas gune eta aukera berriak eskaintzea, herriko parkeak egungo behar eta garaietara egokituz. Bide horretan, azken hiru urteetan Gorostizako parkea estali, Munar, Zaldibar eta Biterikoa berritu eta urte amaiera bitartean, Nao Santiagokoarekin batera, San Andreseko Kurtze Txiki jolas parkea berritu eta  Itxaropena parkea estaltzea aurreikusi du.