Udalak 66.610 euroko inbertsioa egin du 2020an Arrasateko 60 gazteri etxebizitza alokairua ordaintzen laguntzeko
2021/01/27Arrasateko Udalak 66.610,06 euroko inbertsioa egin du 2020an 18 eta 35 urte bitarteko gazteei alokairua ordaintzen laguntzeko. Guztira 68 eskaera egon dira, eta horietatik 8 ukatu egin dira baldintzak ez betetzeagatik. Dirulaguntzen helburua da udalerriko gazteei emantzipazioa samurtzea eta bide horretan laguntzea, eta etxebizitza alokairua sustatzea.
Arrasateko Udala 2017an hasi zen laguntza hauek herritarren eskura jartzen. Urtero 45-55 eskaera artean egon dira, baina 2020an zifra horrek nabarmen egin du gora.
Eskatzaileen artean, 24 pertsonak aurreko urteetan ere laguntza hau jasotzen zuten, eta 36 eskaera berri egon dira. Horiez gain, 8 eskaera ukatu dira baldintzak ez betetzeagatik. Emakumezkoak 40 dira eta gizonezkoak 28.
Eskaera motaren arabera, norbanakoak dira % 75, hau da, 51; bizikidetza unitateak, berriz, % 25, 17. Adinari erreparatuz, 26-30 urtekoak dira gehienak, % 60, 29; 18-25 urte bitartekoak % 20,59 eta 31-35 artekoak % 19,12.
Maitane Muñoz Goikoetxea zinegotziak nabarmendu du udalak jarraipena emango diola dirulaguntza lerro honi 2021ean: “Udal Gobernuak horrelako laguntzen alde egiten duen apustua irmoa da. Gazteek etxebizitza bat eskuratu ahal izatea ezinbesteko urratsa da beren bizi proiektua garatzeko. Samurtasuna ematen jarraitzea dugu helburu, bereziki herri honen etorkizuna direnei, herrian bertan bizi daitezen”.
Eskatzaileek 2021ean bete beharreko baldintzak
Dirulaguntza eskatzaileek 18 eta 35 urte bitarteko adina izateaz gain, Arrasaten erroldatuta egon behar dute azken 3 urtean erreskadan, edo etenez gutxienez 10 urtean. Ezin dute etxebizitzaren jabetzarik izan (ez eskatzaileak, ez bizikidetza unitateko kideetako inork).
Alokatutako etxebizitzan bizi diren pertsona guztiak bertan erroldatu behar dira, eta eskatzailearen diru sarrerak gehienez izan daitezke: 29.000 euro gordin urtean, eskatzailea norbanakoa bada, eta 40.000 euro gordin urtean, eskatzailea bizikidetza unitate bat bada. Etxebizitza partekatzen duten gazte guztiak izan daitezke onuradun, denek sinatzen badute alokairu kontratua, eta baldintzak betetzen badituzte. Onuradun guztiek egunera izan behar dute Arrasateko Udaleko zerga, tasa eta zehapenen ordainketa. Diru sarrerei dagokienez, errendimendu gordinen zenbatekoa, kapital errentetatik datorrena, ezin izango da izan urtean 600 eurotik gorakoa. Azkenik, ezingo da izan familia loturarik onuradunen eta errentatzailearen artean.
12 hileko kontratua gutxienez, eta hileko 650 euroko prezioa gehienez
Kontratuari dagokionez, alokairu kontratuak gutxienez 12 hileko iraupena izan beharko du, eta etxebizitza alokairuaren prezioa izango da gehienez hileko 650 eurokoa, eranskinak barne. Alokairutik edo diruz lagundu daitekeen kontzeptutik kanpo egongo dira garaje, komunitate eta administrazioko gastuei dagozkienak, eta alokairuko hileko kuotatik 30 euroko zenbateko finko bat kenduko da gastu horiengatik, alokairu kontratuan sartuta badaude eta ez bada aurkezten horietako bakoitzaren hileko kostuaren berariazko justifikaziorik.