Amaia Antzokia eraberrituko du Arrasateko Udalak
2024/02/15Amaia Antzokiak berrikuntza behar du, hori adierazi du Arrasateko Udalak eskatutako kanpo txosten teknikoak. Bertan, hezetasun eta itoginen arazoak konpontzeko lanen zerrendatzea egiteaz gain, zaharkituta dagoen eta berritu beharra duten zerbitzu eta azpiegituren zerrendatze luzea egiten dute.
“2023ko irailean erori zen halleko sabaia, azpiegituren zahartze mailagatik eta azken urteetako mantenu faltaren eraginez, eta, hasiera batean, antzokia irekitzeko udal teknikariek txosten teknikoa osatu bazuten ere, udal gobernutik antzokiaren kanpo txosten bat eskatu genuen, eraikinaren eta azpiegituraren egoeraren berri izateko. Txosten honek Amaia Antzokiaren eraberritzea ondorioztatu du” azaldu du Maider Morras alkateak.
Txostenaren xehetasunak
Garazi Etxeberriak Hirigintza zinegotziak eman ditu txostenaren inguruko xehetasunak. “Txosten honek azterketa teknikoa jasotzen du, egin beharreko lanen zerrendatzea. Zerrendatze hori luzea da, asko direlako zaharkituta dauden instalakuntzak”.
Gaur gaurkoz, Amaia Antzokiak duen kalte nabariena hallean dago. “Espazio honetan intsonorizazio lanak egiteaz gain, suteen babeserako sektorizazioa egin behar da, araudiak ezartzen dituen babes mailari egokitzeko. Bestalde, txostenaren arabera, halleko klimatizazio sistema ez dago erabilgarri, funtzionamendu eta mantenu arazoak medio”.
Klimatizazio sistemari erreparatu dio zinegotziak jarraian, honek ere arazoak dituela baieztatzeko. “Klimatizazio sistema ere aldatu beharra dago. Txostenak galdara aldatu beharra dagoela jasotzen du, eta aukera dugu aerotermia sistemara pasatzeko. Ekonomikoki alde txikia dago, eta gas sistemarena baino jasangarriagoa da”.
Eraikinaren estrukturan ere bada zer hobetu, besteak beste, eraikinaren estalkiko jarduketak, fatxadan aurkitu diren zulo batzuk ixtea, atzeko kanal irekia garbitzea eta erretena garbitzea.
Areto nagusian hainbat esku-hartze aurreikusi ditu txostenak, esanguratsuena hezetasunak dauden pareta eraberritzeko beharra da. Atzeko eustorma eta egurrezko panelen artean hainbat elementu ezartzea aurreikusten du txostenak, drainatze eta inpermeabilizazio egokia egin, eta isolamendu termiko egokia ezarriz. Gainera, argiak berritzea, besaulkiak ordezkatu eta harmailako maila bateratu, egungo moketa ordezkatzea, eta bestelako esku-hartze txiki batzuk.
Agertokian bi hobekuntza nagusi aurreikusten dira, “lurzoruaren errefortzu eta berrikuspena eta instalazio eszenikoak berrikustean, besteak beste, ekipoak altxatzeko sistema motorizatua ezartzea”.
Azkenik, publikoaren zein langileen komunetan irisgarritasuna bermatzeko lana egiteko beharra identifikatu da. “Langile zein artisten baldintzak hobetzeko ere, ekipamenduan hobekuntzak aurreikusi ditu txostenak, kamerinotan eta proiekzio gela, besteak beste”.
Txostenak jasotzen dituen lan tekniko guztiak egiteko aurrekontua 2.674.425€koa da, “baina eraberritze lanek esku-hartze gehiago egitea eskatuko dute, beraz, aurrekontua handiagoa izango da. Aurrekontu zehatza proiektua idazten dugunean jakingo dugu”.
Amaia Antzoki berrirako abiapuntua
Aurrera begira, Etxeberriak hainbat urrats azaldu ditu Amaia Antzoki berria egina ikusi aurretik. “Aurten proiektuaren erredakziorako lizitazioa irekiko dugu, eta proiektua 2025 hasieran prest egotea aurreikusten dugu. Ondoren etorriko dira obren lizitazioak, eta, den ondo bidean, 2025eko bigarren seihilekoan hasiko lirateke obrak”.
Behin txostena eskuartean, “Amaia Antzoki berria” diseinatzeko lanetan hasiko direla iragarri du Andoni Arratibel Kultura zinegotziak. “Proiektu konplikatua da, eta sail ezberdinen arteko elkarlana ezinbestekoa izango da proiektua behar den bezala gauzatzeko. Horregatik, Hirigintza, Kultura eta Obra, Zerbitzu eta Mantentze sailek elkarlan mahaia eratuko dute”.
Arratibelek gaineratu du, “proiektuaren erredakzioa egiten den bitartean kultur azpiegituren mapa egingo dugu, modu paraleloan, Amaia Antzokiaren urtebeteko itxiera horrek eragingo duen hutsunea nola bete antolatzeko”.