Haurren Kontseiluaren Santa Barbara parke proiektua gauzatzeko proiektua martxan

2018/06/21
Card image cap
Udal sailetako teknikariak eta arduradunak urratsak ematen ari dira umeen ikuspegia kontuan hartzen hasteko Arrasateko udal zerbitzu eta programa batzuetan

Haurren Kontseilua lanean aritu da iaztik Santa Barbara parkearen erabilera sustatzeko. Hasiera batean Santa Barbara parkerako 4 lan ildo ireki zituzten arren, aurrerago umeek erabaki zuten proiektu zehatz bat sakonki lantzea: Jolasa eta aisialdia naturan proiektua.

Orokorrean, Haurren Kontseiluak, jolasari, naturaren gozamenari eta parkerako irisgarritasunari garrantzia emateko eraldaketa proposamenak egin ditu. Horretarako, planteatu dituzte material organikoak, pertsona mota askori egokitutako jolasak eta altzariak, seinalizazioa, argiztapena egokitzea eta iturriak bezalako elementuak.

Proiektuak interbentzioak proposatzen ditu parkeko lau gunetan: iturri ondoan belaunaldien artean jolasak eta jolas egokituak, goiko zonaldean sokazko egiturak eta zubiak jolas librean aritzeko, maldan behera txirrista eta igotzeko soka, eta, azkenik, mahaien zonaldean oreka eta talde froga jolasak.

Ikasturteko azken saioan Maria Ubarretxena alkatearekin bildu ziren kontseilu-kideak, eta alkateak erantzuna eman zien haien proposamenei.Bestetik, hainbat momentutan udal sailetako teknikariek eta arduradunek aukera izan dute Kontseiluko kideekin egoteko. Horrela, urratsak egiten ari dira umeen ikuspegia kontuan hartzen hasteko Arrasateko udal zerbitzu eta programa batzuetan.

Ikasturte hau Haurren Kontseiluaren bigarren urtea izan da, eta datorren urtean ere jarraituko du Kontseiluak Udalaren eta Alkatetzaren kontsulta eta parte-hartze organo lanetan. Haien lanari buruz xehetasun gehiago jakiteko, sartu daiteke https://www.arrasate.eus/haurren-kontseilua blogean.