Etxeko olioa jasotzeko edukiontzi berriak jarriko ditu Mankomunitateak, 10 gune berri gehiagorekin

2025/02/11
Card image cap
13 edukiontzi izatetik 23 izatera pasako dira, eta etxeko olioa birziklatzea errazagoa eta gertukoagoa izan dadin.

Etxeko olioa jasotzeko edukiontzi berriak jarriko ditu Mankomunitateak, eta, ondorioz, etxeko olioa biltzeko pote berdeak jaso eta ordezkoa ematen duten edukiontzi berdeak desagertuko dira. Horren ordez, Mankomunitateak edukiontzi laranjak jarriko ditu egun hauetan. Edukiontzi horietan mota guztietako ontzi itxiak sartu ahal izango dira, beirazkoak, plastikozkoak edo tetrabrikak, olioz beteak. Arrasate da aldaketa egiteke duen Debagoieneko udalerri bakarra. Aldaketa horrekin, beraz, Debagoiena osoa sistema berrian sartuko da.

“Sistema berri honek erabilitako olioaren birziklatze egokia bideratuko du. Izan ere, orain arte ezagutu dugun sistemak etengabeko matxurak zituen, eta konponketa ugari behar zituen. Horrez gain, askotan agertu izan dira berdeak ez ziren ontziak edukiontzien inguruetan. Erabilera desegoki horri amaiera emango zaio aurrerantzean edukiontzi unibertsal laranjekin” adierazi dute Mankomunitatetik.

Aldaketa aste honetan, 10 gune berri gehiagorekin

Kutsakorra da olioa, eta modu egoki eta arduratsuan jasotzeko aukera handitu egingo da orain. Olioa botatzeko puntuak gehitu egingo dira. Arrasaten, 13 puntu daude gaur egun eta 23 izatera pasako dira. Halakoak eskuragarriago jarri nahi dira, etxeko olioa birziklatzea errazagoa gerta dakien herritar guztiei.

Gaur egun edukiontzia dagoen hiru puntutan, leku aldaketa txikiak egongo dira. Hain zuzen Udalpe eta Elkano kaleetan, eta Zaldibarrekoan. Aipatutako hauek, gertuko beste puntu batzuetara pasako dira:

  • Udalpe kalea --> Jauregibarria
  • Elkano kalea --> Oñati kalea
  • Zaldibar --> Garibai

Informazioa eta doako enbutuen banaketa otsailaren 15ean

Otsaileko hileko 3. zapatuko azokan, hilak 15, gaiari buruzko informazio gunea jarriko da. Bertan, azalpenak emateaz gain, etxean olioa potetan era egokian jasotzen laguntzeko enbutuak banatuko dira dohan. Modu honetan, edukiontzi ezberdinetara egokitzeko aukera izango da.

Olio edukiontziak

Olio edukiontzi berdea