Arrasateko Udalak Gabonetako Eskaparate Lehiaketa antolatu du eta estreinakoz lehen Leiho eta Balkoi Lehiaketa

2021/11/30
Card image cap
Lehiaketan parte hartu nahi duten establezimenduek abenduaren 12a baino lehenago eman behar dute izena. Herritarren bozkatzeko egunak abenduaren 13tik 19ra bitartean izango dira.

Arrasateko Udalak Gabonetako Eskaparate Lehiaketa antolatu du aurten ere. Kasu honetan, establezimenduen erakusleihoak abenduaren 13tik urtarrilaren 6ra arte egon beharko dira apainduta, gutxienez. Parte hartu nahi duten establezimenduek Bezeroen Arreta Zerbitzuan (BAZ) eta Udalaren webgunean eman beharko dute izena.

Ohiko establezimenduez gain, Udaletik gainerako komertzio guztiei parte hartzeko gonbita luzatzen zaie; bereziki zerbitzuei eta ostalariei. Erakusleihoak ez dituzten komertzioen kasuan, barneko apainketa hartuko da kontutan.

Herritarre abenduaren 13tik 19ra bitartean eman ahalko dute bozka, eta honek ‘Herritarren saria’ eta ‘Haur eta Gazteen Saria’ irabazteko balioko die establezimenduei. Bozkatzeko Udalaren webgunetik zein Ibai-Arteren webgunetik egin ahalko da. ‘Herritarren saria’ bozkatzen dutenen artean 100 euroko bost bono zozketatuko dira, eta ‘Haur eta gazteen saria’ bozkatzen dutenen artean 30 euroko bost bono. Hauek Arrasateko edozein komertzioetan gastatzeko dira.

Sari nagusiak hiru kidez osatutako epaimahaikideek banatuko dituzte: Ibai-Arteko ordezkari bat, diseinuan aditu bat eta Udaleko ordezkari bat. Sari banaketa abenduaren 21ean egingo da.

Honako hauek dira aurtengo sariak:

  • 1. saria: plaka eta 600 euro.
  • 2. saria: plaka eta 400 euro.
  • 3. saria: plaka eta 300 euro.
  • 4. saria: plaka eta 200 euro.
  • ‘Herritarren saria’: plaka eta 300 euro.
  • ‘Haur eta gazteen saria’: plaka eta 300 euro.

Arrasateko Udalak hainbat berrikuntza egin ditu azken bi urteetan. Adibidez, banatzen diren sari kopurua handitu, ‘Herritarren Saria’ eta ‘Haur eta Gazteen Saria’-k sortu eta bozka emateagatik sariak zozketatu.

Gabonetako lehen Leiho eta Balkoien Lehiaketa

Herritarrek ere aukera izango dute Gabon hauetan lehiatzeko. Udalak Gabonetako Leiho eta Balkoien Lehiaketa sortu du, arrasatearrei zuzendua. Kasu honetan, izen emateko epea abenduaren 19an itxiko da. Sari hau herritarren bozkarekin banatuko da, eta bozka abenduaren 20tik 26ra eman ahalko da Udalaren webguneren bitartez. Leiho eta balkoien lehiaketan parte hartzeko argazki bat igo beharko da gutxienez webgunera.

Sari nagusi bat banatuko da: irabazleak 300 euroko saria jasoko du eta bozka ematen duten guztien artean 100 euroko bono bat zozketatuko da, biak herriko edozein komertziotan gastatzeko. Sari banaketa abenduaren 27an egingo da.

2019 urtean 1.415 herritarrek eman zuten botoa webgunearen bitartez. 2020an urtean, aldiz, 1.751 boto jaso ziren ‘Herritarren Saria’-rako, eta 100 boto ‘Haur eta gazteen saria’-rako.