Apirilaren 1ean hasiko dira lanak Polmetasa zaharraren esparruan

2014/03/28
Card image cap
Astearte goizean hasiko dira gerentearen etxea eta bulegoak ziren eraikina botatzen. Lantegia zegoeneko eraikinetik uralitak kentzen hasiko dira gero eraikina bota ahal izateko. Lanek gutxienez astebete iraungo dute.

Udalak aurri izendapena eman zion eremuari urtarrilaren 27ko gobernu batzordean eta urgentziazko neurriak hartu ditu, bertako egoera larria konpontzeko. Polmetasa lantegiak 2008an utzi zion bere aktibitatea San Andres auzoan gauzatzeari eta San Andres Berri S.L. etxegintza enpresari saldu zion lursaila. Krisiaren eraginez, gerora, San Andres Berrik hondoa jo zuen. Honenbestez, Polmetasa zaharraren eremuaren jabegoa norena izango den epaitegietan erabakiko da, San Andres Berri enpresaren likidazioa amaitutakoan.

Bestalde, aipatu eremua oso egoera txarrean dago, herritarrentzako arriskua suposatuz. Horregatik, Arrasateko Udalak behin eta berriz eskatu dio epaitegiari jabegoaren gaineko erabakia hartu bitartean dagozkion neurriak hartzeko; azken eskaera azaroan egin zuen Udalak. Bide horretatik konponbiderik ez zetorrenez eta Udalak ikusirik egoera geroz eta okerragoa dela, erabaki zuen bere gain hartzea eremuari konponbidea jartzeko ardura.

Urgentziazko neurriak

Beraz, Udalak, legeak jasotzen duen izapidea jarraituz, Polmetasa zaharraren esparruari aurri izendapena (declaración de ruina) eman zion eta, horrekin batera, urgentziazko neurriak bere gain hartzea erabaki zuen. Urgentziazko neurri horiek dira, batetik, eremuan dagoen amiantoa jasotzea eta kudeatzea. Eta, bestetik, geratzen diren egitura ezegonkor guztiak lurreratzea. Amianto y gestión enpresak burutuko ditu lehen lanak eta Excavaciones Besaide enpresak lurreratuko ditu egitura ezegonkorrak.

Astebeteko lanak

Apirilaren 1ean, goizeko 08:00etan hasiko dira Polmetasa zaharraren esparruko lanak. Lan horiek egiten hasi aurretik, baina, eremuan zegoen zaborra ateratzen aritu dira; 6 kamioikada zabor izango dira, guztira, Polmetasa zaharrean Excavaciones Besaidekoek bildutakoak.

Asteartean hasiko da Amianto y Gestión enpresa lantegia zegoen eraikineko uralita kentzen eta Excavaciones Besaidekoak uralita ez dagoen eremuan hasiko da lanean; gerentearen etxea zena eta bulegoak zeuden eraikinak eraisten, alegia.

Aurreikusten da lanok gutxienez astebete iraungo dutela. Izan ere, uralita guztia kentzeko hiru bat egun beharko dituzte eta uralita guztia kendu arte ezingo dira lantegia zen eraikina eraisten hasi.

Obra hauek 18.000 euro inguruko gastua suposatuko dute.