17 emakume kaleko izendapen berriaren plaka  jarri dute

2024/11/18
Card image cap
Ekitaldian izan dira alkatearekin batera 17 emakumeetako bi, Auzo Laguneko kideak eta Zuztarrak Errotuzeko kideak.

Izendegi aldaketa egiteko plaka berria ezagutzera eman eta ekitaldi xume bat egin dute, Udalak 17 emakumeak omentzeko. Ekitaldian parte hartu dute Arrasateko alkateak, Zuztarrak Errotuz elkarteak eta Auzo Laguneko kideak. 17 emakumeetako bi ere bertan  izan dira: María Dolores Albisua eta Mercedes (Mertxe) Mogilincki.

17 Emakume kale berria

Frankismo garaian emakumeen ekintzailetza, ahalduntzea eta eskubideak borrokatzeagatik dira ezagunak 17 emakume hauek. Izan ere, 1969an, Auzo Lagun enpresa sortu zuten, gaur egun Ausolan bezala ezagutzen dena. Hori gutxi ez, eta, Espainiar Estatuko lan arloko lehendabiziko haurtzaindegia ere sortu zuten, gaur gaurkoz Umezaintza bezala ezagutzen duguna.

Hori guztiagatik, Alfontso VIII kalea 17 EMAKUME kalea izatera pasako da datorren azaroaren 17an, hala onartu baitzen 2023ko abenduaren 8ko plenoan, Zuztarrak Errotuzek aurkeztutako mozio bati esker, eta 2024ko urriaren 1ean ospatutako plenoan berretsiz.

Udalaren aitortza

Ekitaldia baliatu dute eragile guztiek 17 emakumeei aitortza egiteko. Arrasateko alkateak, Maider Morras Azpiazuk, eskertza mezua helarazi die 17 emakumeei eta Zuztarrak Errotuzi. Azken hauei ekimena Udal Plenora eramateagatik eta “aitortza hau posible egiteagatik”. Bestetik, 17 emakumeei, izan zuten “kemena eta ausardia” eskertu die, “zuek bezalako emakumeek eman zenuten urratsei esker ematen ari gara gaur guk urrats hauek. Eskerrik asko”.

17 emakume