Arrasateko 14 saltokik bat egin dute “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenarekin

2025/02/04
Card image cap
Otsailaren 3tik 11ra, herriko 14 saltokik apainduko dituzte euren erakusleihoak emakume zientzialari baten omenez. Saltokiz saltoki, emakumeen inguruko galderei erantzunez, ginkana batean jolasteko aukera egongo da, eta ginkana osatzen dutenen artean 30 euroko 10 bono zozketatuko dira. Guztira Euskal Herriko 218 saltokik eman dute izena aurtengo ekimenean.

Arrasateko Udalak eta Elhuyarrek “Otsailaren 11 erakusleihoak” egitasmoa jarri dute martxan herriko 14 dendatan. Ekimena otsailaren 3tik 16ra egingo da, emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan egiten duten lana ezagutarazteko. Horrela, otsailaren 11n ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin bat egingo du herriak. Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori aukeratu zuen, 2016an, emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten bultzatzeko eta nesken bokazio zientifikoak sustatzeko.

Establezimendu bakoitzak emakume zientzialari bati eskainiko dio erakusleihoa. Zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarriko dituzte dendan dendariek, eta haren ikerketan inspiratuta apainduko dute dendako erakusleihoa. Hala, beraz, emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira, eta lagunduko dute emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten. Aurten, Euskal Herri osoko 218 saltokik parte hartuko dute ekimen honetan.  

Horrez gain, herritarrek, haur zein heldu, ginkana batean parte hartzeko aukera izango dute. Horretarako, mugikorrean Actionbound aplikazioa instalatu eta, dendaz denda, 12 emakumeren kartelak bilatu eta bertako QRak eskaneatu beharko dituzte. Emakumeen kartel bakoitzeko QR kodea eskaneatuta, emakume horren inguruko galdera bati erantzun beharko diote, horrela, saltokiz saltoki, 12 emakumeren QR kodeak bilatu eta galderak guztiak erantzun arte. Ginkana osatzen dutenen artean, 30 euroko 10 bono zozketatuko dira.

Ekimen hau Bizilaberen barnean sortu zuen Elhuyarrek duela bost urte; hau da, gazteentzako jarduera zientifiko eta teknologikoak egiteko aisialdi-jardueren eskaintzaren barruan. Aurten, Euskal Herri osoko 12 herrik ospatuko dute otsailaren 11, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna, Elhuyarrekin batera:  Abanto-Zierbena, Arrasate, Arrigorriaga, Azkoitia, Barakaldo, Bilbo, Donostia, Durango, Elgoibar, Ordizia, Iruñea eta Irura.

STEAM hezkuntzaren bitartez, Elhuyarrek urte osoan dihardu neskek zientzia- eta teknologia-gaietan parte har dezaten bultzatzen, eta, horretarako, emakume zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko eta, hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurbiltzeko gazteei. Hala, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera ematen zaie, uste okerrak eta estereotipoak gainditzeko.

Emakume omenduen horma-irudiak eta istorioak eskuragai daude Bizilaberen Otsailak 11 webgunean.

Arrasate herriko saltoki parte-hartzaileak:

  • Peluquería toñi y sandra
  • Laztana
  • Eguzkilore ikuztegia
  • Bea Lentzeria
  • Portaloi optika
  • Azulmarino Arrasate
  • Sikol lentzeria
  • Eskuz
  • Beinke
  • Josle
  • Elena Moda
  • Zarugalde Farmazia
  • kapikua
  • Kids&Us Arrasate

12 emakumezko zientzialari omenduak

Aurtengo edizioan, “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenean, omenaldia jaso duten emakumezko zientzialariak honako hauek dira:

  • Amena Karimyan (Herat, Afganistan, 1996). Astronomoa, aktibista eta idazlea
  • Dorotea Barnés González (Iruñea, Nafarroa, 1904-2003). Kimikaria
  • Halet Çambel (Berlin, Alemania, 1916-2014). Arkeologoa eta eskrimalaria
  • Harriet Martineau (Norwich, Erresuma Batua, 1802-1876). Ekonomialaria eta soziologoa
  • Jeanne Baret (La Comelle, Frantzia, 1740-1807). Botanikaria
  • Lurdes Ansa Maiz (Andoain , Gipuzkoa, 1961). Zientzia-materialen edizio-arduraduna
  • Margaret Crane (Indiana, AEB, 1941). Publizista eta asmatzailea
  • Maria Jesus Esteban Galarza (Alonsotegi, Bizkaia, 1955). Matematikaria
  • Nawal El Saadawi (Kairo, Egipto, 1931-2021). Medikua, idazlea eta aktibista
  • Patricia Rodríguez Brennan (Bogotá, Kolonbia, 1971). Biologo ebolutiboa
  • Suzuko Ainhoa Tamura (Aichi, Japonia, 1934-2015). Hizkuntzalaria
  • Uxue Lazcano Dobao (Bergara, Gipuzkoa, 1995). Biologo konputazionala