“Elkar zainduz aurrera goaz” lemapean aldarrikatuko dute Emakume Txokoak eta Arrasateko Udalak martxoaren 8a

2024/02/29
Card image cap
Egitarau zabala, eta eragile ezberdinekin elkarlanean, antolatu dute aurtego martxoak 8ko egitaraua.

Datorren asteko egubakoitzean ospatuko da Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta Arrasateko Udaleko Emakume Txokoak kartela eta egitaraua aurkeztu ditu. Guztia azaltzeko, prentsaurrean agertu dira Eva Abuin Feminismoa eta LGTBI+ zinegotzia, Esther Lizarralde Emakume Txokoko teknikaria eta Helena Azkarragaurizar artista arrasatearra.

Aurtengo leloa “Elkar zainduz aurrera goaz” izango da, “hausnarketa feminista sustatu eta zaintzaren garrantzia aldarrikatzeko helburuarekin” aukeratu izana adierazi du Abuin zinegotziak.

Helena Azkarragaurizarren kartela

Helena Azkarragaurizar artista arrasatearraren kartela da aurten Emakume Txokoak eta Arrasateko Udalak aurkeztu dutena. Beste urte batzuetan ez bezala, aurten ez da lehiaketarik egin, izan ere, “azken urteetan emaitza ez zen nahi bezalakoa izaten ari, eta kartela Arrasateko emakume artistei enkargatzea erabaki genuen batzordean. Horregatik, aurrerantzean, herriko emakume artistekin lan egingo dugu”.

Azkarragaurizarrek, bere aldetik, kartela diseinatzeko kontutan izandako aldagaiak azaldu ditu. “Gaia zaintzan zentratuta egonda, ideia hau ohiko elementu batekin islatzen saiatu naiz. Elementu hori poltsa beroa da. Modu honetan, ikus genezake emakume bat poltsa bero handi batekin ibiltzen. Poltsa beroak zaintza pertsonal edo kolektiboak irudikatu ditzake, izan ere, ibiltari izate horrek, norbait zaintzera doan pertsona ere izan daitekeelako. Baina baita leloari eutsiz ‘aurrea goazen’ irudikapena ere” azaldu du. Teknikari dagokionez, arkatza erabili du kartela diseinatzeko.

Elkarlanaren emaitza aurtengo egitaraua

Aurtengo M8ko egitarauak ekimen sorta zabala jasotzen du, “hausnarketa feminista sustatzeko asmoz, eta zaintzaren garrantzia aldarrikatzeko”. Hala, Abuin zinegotziak, eskerrak eman dizkie gobernuaren izenean herriko kolektibo feminista guztiei eta Emakume Txokoko langileei, egitarauaren osatzean egindako lanagatik.

Egitarauaren baitan, hainbat ekimen eta emanaldi jasotzen dira, bai udalak eta baita ere herriko eragile ezberdinek antolatu dituztenak. Esther Lizarralde Emakume Txokoko teknikariak egitarauaren berri eman eta “herritar guztiak” gonbidatu ditu “aldarrikapen egun horren testuinguruan antolatu diren emanaldietako hausnarketa kolektiboetan eta herriko eragileak deitutako mobilizazioetan parte hartu dezaten”.

Egitaraua abian jarriko da martxoaren 7an,  “Emakume izoztua” liburuaren aurkezpenarekin, AED-k, Udal Bibliotekak eta Emakume Txokoko irakurketa feministen guneak elkarrekin antolatuta.

Annie Ernaux, idazle frantziarra, 2022ko Literaturako Nobel Sariaren irabazlea izan zen.

Liburua euskarara ekarri du Gema Lopez Las Herasek, Jokin Zaitegi bekaren laguntzaz. Itzultzaileak eta Irakurketa Feministetako kideak aurkeztuko dute liburua elkarrekin.

Lopez Las Herasen hitzak berreskuratu dituzte liburuaren gaurkotasuna azpimarratzeko: “Argitaratu eta 40 urte baino gehiago igaro ondoren ere, hor kontatzen diren gauza askorekin identifikatuta sentitzen dira gaur egungo belaunaldiak ere, puskaz gazteagoak izanagatik. Ernauxek behin eta berriz jartzen ditu mahai gainean, eleberrian, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak eta  horien atzean dagoen makineria sozial guztiaren kontzientzia hartzea ere ikusten dugu liburuan”.

Martxoaren 8an hainbat eragilek mobilizazioak antolatu dituzte:

  • Neska* Gazteak eta Ikama  taldeak kontzentrazio deia egin dute, herriko plazan 12:00etan
    • Aurretik, 11:30ean Sasoibide elkarteak Lilabide izeneko ibilaldia antolatu du, 5 kilometrokoa, emakumeei zuzenduta, Biteri plazatik abiatuta.
  • Arratsaldean 17:30ean Seber Altube plazan, Arrasateko emakume sahararrek  tea hartzeko gonbidapena luzatu dute, 18:00etan eskainiko duten hitzaldiaren aurretik. Hitzaldian ”Emakume sahararren borroka” izango dute hizketa gai.
  • 19:00etanGure bizitzekin negoziorik ez!” lelopean manifestazioa antolatu du Arrasateko Mugimendu Feministak, Seber Altube plazatik abiatuta. “Aurretik adierazi bezala, azpimarra jarri nahi diegu ekimen hauei eta herritarrei dei egiten diegu bertan parte hartzera”.
  • Martxoaren 9an emakume artisauen eta ekoizleen AZOKA izango da goizean Seber Altube plazan. Azokak eskaini nahi die plaza emakumeek sortutako artisau lanei eta emakumeek ekoiztutako bertako produktuei. Azoka goizeko 10:00etatik 14:00etara izango da.
  • 12:30ean, Seber Altuben bertan, KALEAN OTSO ETXEAN USO Antzezlana izango dugu, 12:30ean, Patata tropikala antzerki taldearen eskutik. Eguraldi txarra izanez gero Kulturateko Areto Nagusian izango da emanaldia. Haur eta gazteei zuzendutako antzezlan honetan babes gabekoen aurkako indarkeriaren gaia lantzen da, Ipuin tradizionalak eraldatuz (Txano gorritxo, 3 txerritxoak...). Antzerkia, musika eta txotxongiloak nahasten dira antzezlan honetan, modu pedagogiko eta dibertigarrian.
  • Martxoaren 13an, eguaztenean Miren Aranguren Etxartek, “Ez dadin bizitza eten” liburua aurkeztuko du. Liburuak planteatzen du zaintza ereduen hausnarketa eta eraldaketa beharrezkoa dela bizitza erdigunean kokatuko duen gizarte antolaketa bat osatzeko bidean hasteko, ez dadin inoren bizitza eten. Liburua aurkeztu eta solasaldia eskainiko du Arangurenek, 19:00etan, Kulturateko Areto Nagusian.
  • Martxoaren 17an, domekan, Emakume Master Cup finala izango da Uarkape Frontoian 12:00etan hasita.
  • Apirilera jauzi egingo du egitarauak eta 12an, egubakoitzean “Trapu zikinak” antzerki emanaldia izango da JAME auditorioan, 19:00etan Lore More taldearen eskutik. Herri garbitokietatik abiatutako antzerki sorkuntza kolektiboa da honakoa. Trapu zikinak garbilekuetan bildu eta lan egiten zuten emakumeen lanari omenaldi bat egitearen desirarekin sortutako antzezlana da. Egun, gure belaunaldiak ez du lan fisiko hau bizi, baina antzezlanak hurbildu nahi du emakume horientzat esan nahi zuenera eta elkartze horrek suposatzen zuenera, haientzat zuten espazio ez misto bakarretako batean. Espazio hauetan nola sostengatzen zuten eguneroko bizitza.

M8_prentsa.jpg