Arrasateko Udalak Uarkapeko gimnasioaren ordutegia luzatuko du astelehenetik egubakoitzera, eta eguerditan zabalik egongo da.

2024/01/08
Card image cap
Modu horretan, Uarkapeko gimnasioa zabalik egongo da 06:30etik 20:30era, astelehenetik egubakoitzera.

Kirol abonua duten herritarrek dagoeneko erabiltzea daukate Uarkapeko gimnasioa etenik gabe aste barruan, izan ere, 2024ko aurrekontuekin batera indarrean sartu baita Uarkapeko ordutegi berria. Orain arte gimnasioa eguerdian itxi egiten bazen ere, gaurtik aurrera zabalik egongo da astelehenetik egubakoitzera 06:30 eta 20:30 bitartean.

Ordutegia luzatzearen erabakia hartu da erabiltzaileek behin eta berriro egindako eskaera bati erantzunez; hain zuzen, erantzuten die eguerditako lan atsedenaldia aprobetxatu nahi duten erabiltzaileei. Modu horretan, zerbitzu hobea eskaintzeaz gain, Arrasateko Udalak espero du erabiltzaile eta abonamendu gehiago izatea.

Uarkapeko gimnasioa zabalik dagoen bitartean, doako kirol aholkularitzako zerbitzua izango da.

2024ko egutegia eta ordutegiak

Uarkapeko zein Musakolako kiroldegien irekiera egunen eta ordutegien egutegia dagoeneko Musakolako kiroldegian jaso daiteke. Hor jasotzen dira urte osoan Musakolan eta Uarkapen izango diren erabilera ordutegiak. Bestetik, kanpoko igerilekuen irekiera eta itxiera egunak ere jasotzen dira, udako ordutegi bereziekin.

Kirol abonua ordaintzeko laguntzak

Kirol abonuak ordaintzeko, laguntzak izango dira ikasleentzat (% 25) eta diru sarrera baxuko pertsonentzat (% 25etik %75 artekoak). Berritasun gisa, prezio murriztua ere egongo da 65 urtetik gorakoentzat ( % 25eko deskontua), instalazioak 16:00ak baino lehen erabiltzen badira. Eskaerak 2024/01/31 baino lehen aurkeztu behar dira BAZen edo www.arrasate.eus webgunean.

Kirola egiten jarraitzea sustatzeko, urteko 10 abonu zozketatuko dira urteko abonua berritzen dutenen artean.

 

Ordutegien eta tarifen informazio guztia: https://kirolaonline.arrasate.eus//index.php