Arrasateko Udaleko Kirol zerbitzuak hainbat makina berrituko ditu Musakolako kiroldegian, eta Iturripeko argiteria jasangarriago bihurtuko du LED luminariez

2021/12/09
Card image cap
Musakolan makinak ordezkatuko dira Kardio eta Muskulazio guneetan. Iturripen argiteria guztia berrituko da LED argiez, ingurumenarekin jasangarriagoak dira eta; 31.825 euroko inbertsioa izango da.

Arrasateko Udaleko Kirol zerbitzuak hainbat makina berrituko ditu Musakolako kiroldegiko gimnasioan, herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak etengabe hobetzen jarraitzeko.

  • Kardio gunean berrituko dira korrika egiteko zinta bat eta bizikleta etzan bat.
  • Muskulazio gunean, berriz, hainbat makina ordezkatuko dira: bular/triceps-eko press bertikala, etzanda femorala, bular/sorbaldako press-a, biceps/triceps eta bularreko uzkurtzailea.

Makinak eguneratzen, inbertsioa da 17.167,24 eurokoa, BEZa barne.

Ander Garay Kirol saileko zinegotziak nabarmendu du “gure lehentasuna da erabiltzaileei egokitutako zerbitzua ematea. Makina zaharkituak aldatzen goaz zerbitzu on bat ematen jarraitzeko, horiek ordezkatu ditugu urtero egiten dugun instalazioen mantentze eta eraberritze jardueraren barruan. Ildo horretan, pandemia ostean, kiroldegiaren erabilera normalizatzen ari da eta gimnasioen erabiltzaile kopurua gorantz doa. Eskaera dago, eta ahalegintzen gara eskaera horri kalitatez eta azpiegitura aproposekin erantzuten, etengabe”.

Iturripe, jasangarriagoa

Iturripeko kantxako argiteriaren ordez LED teknologia jarriko da. LED argiek abantailak eskaintzen dituzte kontsumoari dagokionez, jasangarriagoak dira ingurumenarekin, eta epe laburrean aurreztea berdintzen da inbertsioan eta energia gastuan.

Kirol sailak lehenetsi du gutxieneko argiztapena egitea UNE- EN 12193 jarraituz (argiztapena kirol instalazioetan), gutxieneko argiztapen horizontala bermatzea lehiaketa nazionaletan eta nazioartekoetan (750 lux) eta argiztapen maila bat baino gehiago baimenduko duen teknologia bat edukitzea.

Lan hauetan egingo den inbertsioa 31.825,05 eurokoa izango da, BEZa barne, eta lanak datozen asteetan egingo dira.