Antoñako frontoiak berritzeko lanak hasi ditu Arrasateko Udalak

2025/01/20
Card image cap
Obrek 8 asteko iraupena izango dute, eta, epe horretan, erabilera mugatuta egongo da.

Gaur hasi dituzte Antoñako bi frontoiak eraberritzeko lanak. Duela urtebete inguru Udalak urgentziazko esku hartzea egin zuen Antoñan segurtasuna bermatzeko, ezker paretako hormigoizko zatiak erori ostean. Ondorioz, ezker paretan, hainbat zulo agerian geratu ziren, eta hauek konpontzeko lanak dira gaur hasi dituztenak. Konponketa horiek egiteaz gain, frontoien mantenu orokorra burutzeko aprobetxatuko dira lanak.

8 astetako lana

Antoñako frontoien eraberritzea zortzi astetako iraupena izatea aurreikusten du Udalak, eta, ondorioz, erabilera mugatua izango dute. Lehenik solte dauden pareta zatiak pikatuko dira, ondoren hauek konpontzeko, eta, azkenik, frontoiko paretak berriz margotzeko. Lanak Orion Reparación Estructural SL enpresak burutuko ditu 90.906,57 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne).