ArraSasoi: hamabi hile, hamaika gai

2017/12/06
Card image cap
Banda elastiko soil baten laguntzarekin gorputz osoa lantzeko ariketak ezagutu itzazu

“ArraSasoi: hamabi hile, hamaika gai” programaren barruan beste ekintza bati helduko dio abenduan Arrasateko Udaleko Kirola Sailak: banda elastikoen bitartez indar ariketak egiten ikasteko kurtsoak. Oraingoan ere Kiroldegiko abonatuei begira egindako saioak izango dira, doan eta parte hartzeko egin behar den gauza bakarra, aurrez izena ematea da. 

Arrasateko Udaleko Kirola Sailak “ArraSasoi: hamabi hile, hamaika gai” programarekin aurrera jarraitzen du eta abendurako beste ekintza bat proposatzen du: banda elastikoekin indar ariketak egiten ikasteko aukera hain zuzen ere.  Azaroan behe gorputz-atala luzatzeko ariketa espezifikoen kurtsoek izan zuten arrakasta ikusirik, antzeko dinamika bati heltzea erabaki da oraingoan ere.

Ohikoa den legez, kurtso hauek kiroldegiko abonatuei begira egingo dira, dohainik eta bertan parte hartzeko baldintza bakarra aurrez izena ematea izango da. Horretarako, kiroldegiko harreran galdetu eta gehien komeni zaion eguna eta ordua aukeratzearekin nahikoa izango da. Taldeak 10 pertsonakoak izango dira gehienez, ahalik eta zerbitzu indibidualena eman ahal izateko, eta hori dela eta, lehenbailehen izena ematea komeni da.

Abenduaren 11n hasiko diren saio hauetan beraz, gorputz osoa lantzeko indar ariketak izango dira protagonistak. Denak ere banda elastiko soil baten laguntzarekin egiten dira eta helburua, gerora bakoitzak bere kabuz egin ahal izateko ariketak ikasi ahal izatea denez, ariketa sinpleak eta guztiek egin ahal izateko modukoak izango dira. Aurreko saioan bezala, 30 minutuko formazio saioak izango dira eta  Edorta Bolinaga Gimnasioko Aholkularia izango da klaseak gidatuko dituena.  

  • NORENTZAT:  abonatu guztiak
  • PREZIOA: Doan
  • BALDINTZA: Aurrez izena ematea kiroldegiko harreran
  • IRAUPENA: 30 min.
  • ORDUTEGI AUKERAK:
    1. Abenduak 11 - 12:00tan
    2. Abenduak 13 - 18:30tan
    3. Abenduak 14 - 09:30tan