Barruko igerilekuen irekiera astebetez atzeratuko da, azken orduko matxura baten ondorioz
2024/09/12Barruko igerileku handian izandako ur filtrazioen eraginez sortutako kalteek astebetez atzeratuko dute igerilekuen irekiera. “Abuztu amaieran, barruko igerilekuetako garbitze eta prestaketa lanekin batera, udal langileak ohartu ziren ur poltsak sortu zirela igerileku handiaren azpian. Baldosazko igerilekua denez, teknikariek hura konpontzeko beharra ikusi dute, eta behin konponduta, saneatu, eta dagoeneko bihar bertan hasiko dira igerilekua urez betetzen. Gero, baina, egun batzuk beharko dituzte ura tratatu, egonkortu eta kontrol analisiak egiteko. Haien emaitza positiboa jasotzean irekiko ditugu barruko igerilekuak” adierazi du Mikel San Miguel kiroletako zinegotziak. Aurreikusi da datorren astearen amaieran ireki ahal izatea.
Bitartean, kanpoko igerileku handia zabalik mantenduko dute lanak egin bitartean. “Jakitun gara eguraldia ez dela aldekoa, baina nahiago izan dugu aukera ematea kanpoko igerilekua erabiltzeko, kiroldegiko erabiltzaileak zerbitzurik gabe uztea baino”.
Udako lanak amaituta
Udan zehar aurreikusita zeuden 3 esku hartze nagusi egin dira Musakolako kiroldegian. Eremu lehorreko aldageletako lurra berritu da eta paretak margotu, “oso egoera txarrean zegoen lurra, eta oinarrizko esku hartzea egin da. Dagoeneko zabalik dago, eta erabilgarri bazkideentzat”. Sauna gunea ere berritu dute, “oso egoera eskasean baitzegoen, hezetasun eta itogin arazoekin”. Horregatik, aipatutako arazoak konpondu, lurra berritu, paretak eta sabaia konpondu, eta sauna berria ere jarri dute, aurrekoak funtzionamendu arazoak baitzituen. Garbiketa lanak egiten ari dira gaur, eta bihar bertan irekiko da.
Azkenik, barruko igerileku txikian, aurreikusitako konponketak ere egin dituzte udan. “Barruko igerileku txikiaren estaldura aldatu da, zorua guztiz kaltetua baitzegoen. Aste Santuan premiazko konponketak egin behar izan ziren, eta aurreikusi zen estaldura guztia aldatzea beharrezkoa zela. Lan hori uda garaian egiteko utzi genuen, eragozpen txikiena eragiteko erabiltzaileei”. Lan horiek ere aste honetan ari dira amaitzen, eta datorren asterako prest izango da.