Emakumeen Etxeen Sareak ARTESTURAK FEMINISTAK lehiaketa antolatu du

2017/07/06
Card image cap
Emakumeen Etxeen Sarea 2016an sortu zen, batera lan egiteko, proiektua ikusgarri egiteko eta efektu traktore bat lortzeko, mugitzekoa, udalerrian bertan

EAEko EMAKUMEEN ETXEEN SAREAren helburua da Emakumeen Etxeen proiektua indartzea, eta horretarako, printzipio komun batzuetatik abiatzen da: berezko espazio bat eskaintzea emakumeei, haien parte-hartze  soziala eta politikoa bultzatzea politika publikoetan jardun dezaten, laguntza eta elkartasun sareak sortzea, eta haien ahalduntzea sustatzea, banakakoa nahiz kolektiboa.

2016an lehen proiektu bateratua egin genuen: Testurak izeneko bertso saioa, sareko kide diren udalerri guztietan programatu zena.  Eta aurten, lehiaketa honen ondorioa,  ARTESTURA FEMINISTAK erakusketa ibiltaria egingo da.

Lehiaketa honen helburua da emakumeen sormena eta produkzio artistiko feminista bultzatzea, ikusgarri egitea eta aintzat hartzea haien lanak, artea sortzen ari diren artista emakumeak ezagutzera emateko, artea lanbide izan edo ez izan. Erakusketa ibiltari bat egingo da, zeina Sareko Emakumeen Etxe guztietatik pasatuko den. Aurkezten diren lanen artean kalitate artistikorik handieneko lanak aukeratuko dira, eta aintzat hartuko dira Emakumeen Etxeen Sarearen filosofia eta helburuak ondoen agertzen dituztenak.

Euskal Autonomi Erkidegoan bizi diren 18 urtetik gorako emakumeek parte-hartu dezakete lehiaketan. Emakumeei zuzendutako lehiaketa da, estrategikotzat jotzen baita emakumeek egindako sormen eta produkzio artistikoa sustatzea.

400€ko 8 sari, eta 200€ko 8 aipamen berezi emango dira.

Udalerri bakoitzak sari eta aipamen berezi bana kudeatuko ditu. Aipamen bereziari dagokionez, sareko udalerriren batean erroldatuta egotea lehenetsiko da.

Lanak sareko edozein herritako udal erregistroan aurkeztu ahal izango dira, jendaurreko ordutegian, oinarrietan ageri diren helbideetan.

Lanak aurkezteko epea 2017ko irailaren 29an bukatuko da.

Oinarriak hemen kontsultatu ditzakezu.