Bizipozaren jai handia irailaren 21ean Arrasaten!
09/09/2014Porrotx pailazoarekin eta Ane Piratarekin batera izan dira jaia aurkezten Arrasateko alkatea eta Txatxilipurdiko Eneko eta Eguzkilaru ere. Alkatearen esanetan, “handia izango da irailaren 21ean hemen biziko duguna”, egun osoan hamaika aukera izango direlako jolaserako, umeentzat egun ahaztezina izango delako eta, alkateak bereziki azpimarratu du jai honen helburua dela “pertsona guztientzako berdintasunezko harremanak sustatzea”.
Eta iragarpena argi bota du: “Arrasate pirata zapiz beteko da irailaren 21ean!” Arrasatearrak, Bergararrak, atxabaltarrak, eskoitzarrak, elgetarrak, antzuolarrak, gatzakuak eta txantxikuak, Euskal Herritar denak gonbidatu ditu Bizipozaren jaira “daukan helburuagatik, prestatuta dagoen egitarau saltseroagatik… Badaz hamaika arrazoi etortzeko!” esan du alkateak.
Egun osoko jaia
Goizeko 10:00etan hasiko da jaia eta 18:00ak arte hamaika aukera izango dira egunaz gozatzeko: Dantzariak, tailerrak, puzgarriak, serigrafia, ipuin kontalariak, pailazoak, magia, dantzaldia, apar festa, bazkari herrikoia...
Egitarau osoa hemen ikusi dezakezue.
Bi gunetan banatuko da jaia; batetik zabalik izango den gunea izango da Seber Altube plazan kokatuko dena: bertan tailerrak eta puzgarriak izango dira. Bizipozaren Jaiaren eremu nagusia, berriz, Biteri plazan izango da eta sarrera bidez sartu ahal izango da bertara. Oholtza nagusia, ikuskizunak, elkarteen guneak, tailerrak, ipuin kontalariak… han izango dira.
Bestalde, Bizipozaren jaiaren baitan jolas-ekintza bat burutuko da Ziburuko ikastolaren alde dirua biltzeko.
Jantzi zapi pirata!
Aurten, iaz Lazkaon egin zen moduan,Bizipozaren Jaiaren sarrera gisa zapi pirata erabiliko da. Guraso eta helduek doan sartzeko aukera izango dutelarik, sarrera zapia haurrek bakarrik beharko dute: sarrera 5€ izango da eta egun osoko egitarauaz gozatzeko aukera izango da, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna barne. Gazte Bulegoan, Arrasateko eta Bergarako Elkar dendetan daude salgai zapi piratak, eta egunean bertan ere erosi ahalko dira. Irrien lagunak klubeko txarteldunek, Irria aldizkariko harpidedunek, alegia, doako sarrera izango dute, urte osoan zehar proiektua babesten laguntzeagatik.
Behar berezikoen bizi-baldintzak hobetzea helburu
Irrien Lagunak Gizartegintza Elkartea behar bereziko haurren eta hauen familien bizi‐baldintzak hobetzeko lan egiten duten hainbat kolektiboei proiektu eta egitura egonkor batekin erantzuteko ahalegina da, euren behar afektibo eta materialei aurre egin eta euren errealitatea gizarteratzen lagunduko diena. Gaur egun, 20 elkartek baino gehiagok osatzen dute Gizartegintza Elkartea; haien informazioawww.bizipoza.org webgunean dago ikusgai.
Arrasateko eragile asko jaiaren prestaketan
Arrasateko Udalaren zein Arrasateko hainbat eragileren laguntzaz ari dira osatzen Bizipoz jaiaren egitaraua; prestaketa lanetan dabiltzan elkarteak honakoak dira: Ekin Emakume Taldea, Arrasateko Herri Eskola, Arizmendi Ikastola, Bagara Herrigintzan, Sexologia Zerbitzua, Portaloi Kultur Elkartea, Arrasateko Gaztetxea, Aspace, Lore Gazteak Dantza Taldea, Txikitxu-Arrostaitz Dantza Taldea, Maritxu Kajoi eta Santamas Komisiñuek, Ereindajan, Erraldoi eta Kilikien Konpartsa, AED Elkartea eta Txatxilipurdi.