Euskal abizenak euskal grafiaz
Arrasateko Udalak euskal abizenak euskarazko grafiara moldatzeko kanpaina bat jarri du martxan. Orain dela urte gutxira arte euskara ofiziala ez izateak euskarazko abizenak (Agirre, Artetxe...) gaztelaniazko grafiaz idaztea ekarri du: Aguirre, Arteche... Gaur egun, ordea, abizenen euskal grafia ofiziala da eta, hala nahi izanez gero, aldaketa egitea oso erraza da, ez du inolako arazorik sortzen eta bake epaitegian egin daiteke. Horretarako, nahikoa da bake epaitegira joatea agiri hauekin:
- Arrasaten jaiotakoak:
- NANaren fotokopia.
- Eskatzailea ezkonduta badago, bikotearekin batera bertaratu behar da.
- Arrasatetik kanpo jaiotakoak:
- NANaren fotokopia.
- Eskatzailea ezkonduta badago, bikotearekin batera bertaratu behar da.
- Jaiotza-agiri literala (www.justizia.net –en eskuratu daiteke).
Edozein zalantza argitu nahi izanez gero, jarri harremanetan Euskara Zerbitzuarekin.
Euskaltzaindiaren irizpideak
Izen-abizenak moldatzeko, Euskaltzaindiak markatutako irizpideak hartzen dira kontutan, eta Euskaltzaindiaren webgunean kontsultatu daitezke izen eta abizenen zerrendak. Edonola ere, azken erabakia epaileak hartzen du eta, kasuren batean, onartu izan dituzte Euskaltzaindiaren izendegian ez datozen formak: Múgica-tik Muxika-ra aldatu beharrean, Mujika-ra aldatzea, adibidez.
Beste hizkuntza bateko izen-abizenak euskal grafiara moldatzea ere epailearen irizpidearen arabera geratzen da.
Azalpen zabalagoak
Jarraitu beharreko urrats guztiak eta gaiaren inguruan sortu daitezkeen zalantzak argitzeko, UEMAren webgunean daude azalpenak.