Radar bidez atzemandako gehiegizko abiaduragatiko arau-hausteek %60 egin dute behera 2019an Arrasaten

2020/01/29
Card image cap
Guztira 573 arau-hauste egon ziren 2019an Arrasaten Udalak radarra ezarritako lau guneetan. 2019an 14 harrapaketa izan dira herri barrua

%60 egin du behera radar bidez gehiegizko abiaduragatik jarritako isun kopuruak 2018ko datuekin alderatuta. Guztira 573 arau-hauste eman ziren 2019an Arrasaten Udalak radarra ezarritako lau guneetan: Garibai kalea, Uribarri etorbidea, Araba etorbidea eta Arrasate Pasealekua. Uribarri eta Araba etorbideetan izan da arau-hauste gehien, 226 eta 230, hurrenez hurren; Garibaien 5 eta Arrasate Pasealekuan Arimazubi aurrean 82. 2018ko datuekin alderatuta jaitsiera nabarmena da, izan ere, 1.447 arau-hauste zenbatu ziren radarra jarri zen lehen urtean (2018).

Arrasateko Udalak 2018 urtean abiatu zuen Radarren egitasmoa, helburu izanik herri barruko bide segurtasuna hobetzea, abiadura mugak errespetatzeko kontzientzia indartuz. Gainera, ekimenaren helburua diru bilketa egitea ez zenez, behin radarrek sortutako  gastuak estalita, batutako diru kopurua (25.000 euro) Gurutze Gorriaren eta DYAren artean banatu zuen Udalak iaz, 12.500 euro bakoitzarentzat, hurrenez-hurren.

Ekitaldi honetan ordea, arau-hausteen eraginez jarritako isun kopurutik baturiko dirua baxuagoa izan da, arau-hauste kopurua nabarmen jaitsi delako. Ondorioz, radarraren egitasmoa defizitarioa izan da: 59.560 euroko sarrerak izan dira, eta gastuak  66.940,10€. 7.380,10 euroko defizita plazaratu du egitasmoak.

Hala ere, Arrasateko Udalak nabarmendu du radarren ezarpenak ahalbidetu duela herri barruan autoak mantsoago joatea eta abiadura mugak errespetatu eta ondorioz, oinezkoen zein gidarien bide-segurtasunean aurrerapausoa ematea.

Nahiz eta abiadura mugen errespetuan hobetu, 2019an zehar 14 harrapaketa izan dira, horietako 3 Arimazubi aurrean, radarra dagoen lekuan. Horregatik, Udaletik azpimarratu dute egitasmoarekin jarraituko dutela.

Nabarmendu dute “herritar zein bisitarien segurtasuna lehen mailako gaia” dela: “nahiz eta radarraren ezarpena defizitarioa izan, bide-segurtasunean aurrerapauso nabarmena eman dugu. Arau-hauste kopuruak asko egin du behera, abiadura moteldu delako, eta horrek segurtasunean eragin zuzena du. Herritarrengan kontzientzia handitzen doa, eta datuek berresten dute apustu egokia izan dela, horregatik ekimenarekin jarraitzea beharrezkoa da”.