Amaia Antzokia berritzeko oinarriak onartuko ditu bihar Udal Gobernuak
2024/12/18Bihar onartuko ditu Udal Gobernuak Tokiko Gobernu Batzordean Amaia Antzokia berritzeko proiektua idazteko pleguak. Plegu hauek proiektuak jaso beharreko edukiak definitzen ditu.
“Antzokiaren zahartze mailagatik eta azken urteetako mantenu faltaren eraginez, 2023an hall-eko sabaia erori zen, eta areto nagusiko hezetasunak handituz joan dira. Ondorioz, gobernuak, antzokiaren egoera teknikoa ezagutzeko kanpo txotena eskatu zuen. Honek, antzokiaren erreforma integrala eskatzen zuela baieztatu zuen” adierazi du Maider Morras alkateak.
Antzoki berrituaren oinarriak
Behin antzoki berriaren baldintzak definituta, orain, behin betiko proiektuaidaztea falta dela adierazi du alkateak. “Bihar emango dugun urrats honekin, kalitatezko antzoki erresistente, funtzional eta eguneratu bat izateaz gain, herritarrentzat topagune eta kulturaz eta arte eszenikoez gozatzeko balioko duen espazioa lortu nahi dugu”. Antzokiak era guztietako ekintzak jasotzea aurreikusten dute: arte eszenikoak, musika kontzertuak, formatu handiko bilerak, kongresuak edo aurkezpenak, besteak beste.
Antzokiko txoko guztiak berrituko dira
Andoni Arratibel, kultura zinegotziak, azaldu ditu zein irizpide eta beharri erantzungo dion erreformak. Erreformaren oinarria txosten teknikoak badu ere, hainbat gehikuntza ere batu zaizkio, “proiektua integrala izateko”.
- Sarrera (hall-a): formatu txikiko erabilera kulturaletarako gaitzea proposatzen da. Horretarako hau intsonorizatu beharko da, eta espazioa maximizatzeko aukera aztertuko da.
- Eraikinaren estankotasuna: estalkiaren erreforma egin beharko da. Antzokiaren kokapena konplexua da, etxebizitza eraikin baten atzealdean eta mendiaren ezpondaren kontra geratzen da. Horrek, ur filtrazio eta hezetasun arazoak eragin ditu azken urteetan, eta hauek konpontzea ezinbestekoa izango da. Horregatik, kanpoko teilatua birpentsatu eta egokitu beharko da.
- Areto nagusia goitik behera itxuraldatuko da:
- Hezetasun arazoak konpontzea
- Goiko harmailak erregularizatu, araudira egokitzeko.
- Butaka guztiak berritzea.
- Maskor akustikoaren sistema berritzea.
- Klimatizazio sistema berria.
- Lurra eta argiteria aldatzea.
- Kontrol-teknikorako eremu berri bat sortzea, ikusleei oztoporik sortuko ez diena.
- Kaxa eszenikoan (eszenatokian) makinaria eta mekanismoen motorizazioa txertatzea, argiztapen sistema profesional berria (energia eraginkortasuna zainduz), eszenatokiko lurra errebisatu eta, beharrezkoa balitz, berritzea edo konpontzea.
- Kamerino berriak: irisgarriak eta profesionalizatuak.
- Emakumezkoen komunak birdimentsionatu eta genero-markarik gabeko komunak ere aurreikustea.
- Lan teknikoetarako egokitzea: biltegia handitu eta egokitu, karga-igogailua birkokatzea, langileen aldagelen instalazioak egokitzea…
Energetikoki jasangarria
Antzoki berria Kontsumo Ia Nuluko Eraikinen (NZEB) irizpidea jarraitu beharko du. Hau da, energia-errendimendu oso altua bermatuko duen eraikina izan beharko da. Era berean, proiektuak aztertu eta definitu beharko ditu ditu antzokiak zein aukera dituen energia berriztagarrizko sorgailuak jartzeko. Horrez gain, ahal den neurrian, tokiko edo hurbileko materialak erabiltzea hobetsiko da, edota fabrikazioan CO2 isurpen baxuak dituzten materialei, lehengai berriztagarriekin egindakoei eta birziklatutakoei lehentasuna ematea.
Proiektua 2025eko udazkenerako eginda
Udal ordezkariek adierazi dute, dena ondo bidean, proiektu osoaren erredakzioa udazkenerako egina egongo dela. “Epe horiek betetzen badira, pentsa genezake 2025 amaierarako obrak esleitzeko aukera egon daitekeela”.
Arrasateko Amaia Antzokia eraberritzeko proiektua idazteko kontratuaren prezioa 247.000 eurotakoa (BEZ gabe) izango da.