Arrasatek Ekobulebarraren proiektua, Araba etorbidea - Foruen plaza arteko bidegorria eta Santa Teresako igogailuak aurkeztu ditu Next Generation funts europarren laguntza deialdira

2021/09/30
Card image cap
Mugikortasun jasangarrian oinarritutako 3 proiektu estrategiko horiek gauzatzeko 993.285,00 euro eskatu du udalak

Arrasateko Udal Gobernuak Ekobulebarraren, Araba etorbidearen - Foruen plazaren arteko bidegorriaren eta Santa Teresako igogailuen proiektuak aurkeztu ditu Next Generation Udalerrientzako Laguntza Programaren deialdira, Hiri Garraioaren Eraldaketa Digital eta Iraunkorrerako eta emisio Txikien Eremuak ezartzeko, Europako Batzordeak ekainean onartutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Gogoan izan behar da laguntza lerro horren helburuak Europako berreskuratze tresna gisa sortu direla (Next Generation EU), eta estatuaren esparruan helburu dutela enplegu maila errekuperatzea, jarduera ekonomikoa eta Espainiako eredu ekonomikoa eraldatzea jasangarritasunaren, digitalizazioaren eta gizarteratzearen inguruan.

3 proiektuek 4.233.020,00 euroko aurrekontua dute (1.828.124 euro Ekobulebarrak, 346.500 € Araba etorbidearen eta Foruen plazaren arteko bidegorriak eta 2.058.396 euro Santa Teresako igogailuek), eta mugikortasun iraunkorrean oinarritutako plan hori gauzatzeko eskatutako funtsak 993.285,00 eurokoak dira: 743.285 euro Ekobulebarrak eta 200.000 € Santa Teresako igogailuak, eta 50.000 €, berriz, Araba etorbidearen eta Foruen plazaren arteko bidegorriak, hurrenez hurren.

Maria Ubarretxena alkateak adierazi duenez, "Arrasaten etxeko lanak egin ditugu, eta aukera gure ingurunea eraldatuko duten laguntzak jasotzeko. 2020-30 Herri Planaren bidez ezarritako gure politika publikoak bat datoz Europako politikekin: Arrasate iraunkorragoa, sozialagoa, bateratuagoa eta herritarren zerbitzura dagoena sortu gura dugu, eta berdeagoa, klimaren erronkari erantzungo diona".

3 proiektu estrategiko Arrasate jasangarriagoa eraikitzeko

  • Ekobulebarra: helburua da kalitatezko hiri-espazio bat diseinatzea, ingurumenarekin jasangarria izango dena, eta, horretarako, hiria aisia-kalitate ezin hobeko leku batez hornitzea, oinezkoei eta txirrindulariei laguntzeko, eta zerbitzuen energia-eraginkortasuna eta espazioaren ingurumen-kalitatea bultzatzeko neurriak hartzea. Esku-hartze horren bidez, Arrasateko Mugikortasun Integraleko Plana garatuko da: espazio jarraitua, irisgarria eta ingurumenarekiko arduratsua sortzea da helburua, oinezkoen eta txirrindularien erabilera erraztuko duena. Hori guztia, bide-segurtasunaren, herritarren segurtasunaren eta generoaren eta ingurumenaren arloko hirigintzaren irizpideak zainduz.
  • Bidegorria: bultzatuko da Araba etorbidetik igarotzen den bidegorriaren eta Foruen plazan amaitzen den beste bidegorriaren arteko lotura. Helburua da mugikortasun iraunkorreko sistemen bidez konektatutako udalerri bat lortzea, ibilgailu pribatua erabili beharrik gabe. Eta, bestetik, bizikletaren erabilera hiriko garraio publikoarekin osatzea, zehazki, gaur egungo autobus hibridoaren zerbitzuarekin eta igogailu publikoen sistemekin.
  • Santa Teresako igogailuak: Musakola eta Santa Teresa arteko irisgarritasuna hobetzea, hiru igogailuren bidez. Igogailuok hainbat altueratako pasabideak dituzte, Santa Teresa auzoko bizilagun gehienei zerbitzua eman ahal izateko. Helburu nagusia da Musakola eta Santa Teresa auzoen arteko lotura hobetzea, eta, zuzenean, norberaren ibilgailuaren erabilera murriztea zerbitzu eta saltokietara sartzeko, oinezkoen mugikortasuna sustatuz. Jarduketa hori bizikleta erreiarekin osatzen da, eta Santa Teresa aldea erdigunearekin lotzen du.