Gerakinaren zati handiena, ia 8 milioi eurokoa, azpiegituren inbertsioetarako gordeko du Arrasateko Udalak

2024/06/05
Card image cap
Besteak beste, epe motzeko proiektu handietara bideratuko da: Iturripeko kiroldegia eta Amaia antzokia.

Udaleko Osoko Bilkurak atzo onartu zuen behin betiko 2023. urteko jardueran izandako gerakinaren erabilera. Udal gobernuak proposatu zuen, hainbat proiektu finantzatzeaz gain, gerakinaren zati handi bat hurrengo urteetan egin asmo dituzten “inbertsio handietarako” gordetzea.

Gobernuko ordezkariek adierazi zutenez, “zorpetzeko arrisku handia duten inbertsioak ditugu aurretik, Iturripeko kiroldegia edo Amaia antzokiaren eraberritze integrala epe motzean, baita Musakolako kiroldegi berria egiteko beharra epe ertainean. Guztiak finantzatzeko, zuhurtziazko kudeaketa egitea dagokigu. Horregatik, gerakinaren zati handiena, ia 8 milioi euro, gordeko dugu proiektu horiek bideragarri egiteko, eta udal finantzak solbentziaz kudeatzeko”.

Milioi bi eta erdi euro aurten erabiltzeko

Gerakinaren zati bat maiatzean erabilgarri izateko, dekretua sinatu zuen alkateak joan den hilean, oraingoan, Udalbatzarrak bozkatu du gerakinaren beste zatia zertarako erabiliko den. Udal gobernuaren proposamenaren arabera, erabiliko da askotariko proiektuak eta ekimenak finantzatzeko; bazuk gai teknikoei lotutakoak, eta beste batzuk inbertsio konkretuei zuzenduta. Hemen nabarmentzeko batzuk:

  • BAZ berritzeko obretarako: 200.000 €
  • Zerrajerako ezponda konpontzeko, 300.000 €
  • Antoñako frontoia konpontzeko, 95.000 €
  • San Juan auzoguneko berrurbanizazio proiektua idazteko, 40.000 €
  • Musakolako Gaztetxoko berria egiteko, 120.000 €
  • Bizikletentzako aparkalekuetarako: 100.000 €
  • Landa eremuko lursailak mugatzeko proiekturako: 140.000 €
  • Kirol saileko konponketa eta inbertsioetarako, 139.500 euroan handitzea: guztira aurten 239.500 €
  • Haur parkeak berritzeko partida 50.000 euroan handitzea: guztira aurten 75.000 €
  • Txiki Txokoan ekipamendua berritzeko, 13.000 € gehitzea: guztira aurten 15.000 €
  • Turismo jarduerak sustatzeko, 15.000 € gehiago: guztira aurten 50.000 €