Zuntz optikoa iristear da Arrasateko alde zaharrera

2021/05/05
Card image cap
Bertako bizilagunen eskaerari erantzunez, eta udala hainbat telefonia konpainiarekin batu ostean, Guuk-ek eta MASMOVILek onartu dute zuntza hirigune historikora bideratzea

Arrasateko alde zaharreko bizilagunek denbora daroate eskatzen inguruan zuntz optikoa jartzeko, eta jarduera horrek, hasiera batean erraza izan arren, zailtasunak ditu.

Izan ere, Arrasateko alde zaharra monumentu historikotzat jotzen da, otsailaren 11ko 26/1997 Dekretuaren arabera. Dekretu horren bidez, Kultura Ondasun Kalifikatuaren Adierazpena onartu eta haren babes araubidea finkatu zen, eta horren arabera lurperatu behar dira zerbitzu guztiak: zehatz mehatz, honela dio: "ez da inola ere baimentzen azaleko edo aireko linearik egotea".

Eta, zehazki, linea guztiak lurperatzera behartzen duen araudi hori izan da eragozpen nagusia gaur egun udalerriko alde zaharrean oraindik zuntz optikoaren instalaziorik ez egoteko, izan ere, orain arte, operadore bakar batek ere ez du egin gura izan instalazioen lurpeko kanalizazio hori.

Hala ere, herritarren eskaera horri erantzun bat emateko eta Arrasateko alde zaharrari eta bertako bizilagunei zuntz optikoaren instalazioa eta zerbitzua udalerriko beste edozein gunetako baldintza berberetan emateko erabakian, Arrasateko Udalak, Telefonica, Vodafone, Euskaltel edo MASMOVIL bezalako telefono konpainiekin hainbat bilera egin ostean, Guuk eta MASMOVIL enpresek instalaziora sartzea onartu dute. Sare berri horri esker, Arrasateko herritarrek MASMOVILen eta Guuk-en zerbitzuak eskuratu ahal izango dituzte.

Maria Ubarretxena alkateak adierazi duenez, "lanean ari gara arrasatearren ongizatea bermatzeko. Udalak bultzatzen duen ekimen orok helburu hori du beti. Denbora asko daroagu zuntza alde zaharrera iritsi dadin saiatzen, eta azkenean lortu dugu. Zuzenean eragiten du herritarren bizi kalitatean, modu telematikoan lan egiten den garai hauetan enpleguan, sustapen ekonomikoan eta gure hirigune historikoa bizirik mantentzen. Lankidetza publiko-pribatua ari gara bultzatzen, auzotarren parte hartze handiarekin. Proiektu partekatua, Arrasate bihurtzen duena herri parte hartzaileago, solidarioago eta aurrera begira garatuago".

MASMOVIL-Ibercomeko fundatzaile eta GUUKeko presidenteorde Jose Pozak azpimarratu duenez, "guretzat oso garrantzitsua da Internet euskal herritar guztien eskubide unibertsala izatea, edonon bizi direla ere, eta inor ez dadila geratu gure zuntz sarearen bidez eskaintzen dugun konektibitaterik onena izan barik. Pozik gaude Arrasateko Udalarekin lankidetzan aritzeaz, alde zaharreko biztanleek benetako konexioa izan dezaten eta Interneteko zerbitzu onenak eskura ditzaten".

Horrela, udalak bere gain hartuko du lurperatzearen kostua, eta Arrasateko alde zaharrak, azkenik, zuntz optikoa izango du. Horretarako, kanaleta bikoitz bat sartuko da, instalazioa lurpean utzita eta prest, etorkizunean beste operadore batek alde zaharrean bere zuntz optikoko linea sartu gura izanez gero. Hau da, nahiz eta oraingoz MASMOVIL eta Guuk izango diren inguru horretan zuntza instalatuko dutenak, instalazioa egingo da etorkizunean konpainia gehiagok instalatu ahal izateko moduan.

Hala ere, instalazioek lurpean egon behar dutenez, zuntza atarietan eta etxebizitzetan sartu beharko da, eta, horretarako, beharrezkoa da etxebizitza bloke bakoitzeko auzotarren komunitateak lan horiek baimentzea. Horretarako, kanpaina bat egingo da, eta dagozkion baimenak emango dira. Gero, udala eta bi operadoreak bizilagunekin harremanetan jarriko dira lizentziak eta obrak bultzatzeko; baita ere, etxebizitzen atarietan egin beharreko obrak zehazteko, hala badagokio.

Ibaiarte eta Zuntza Alde Zaharrean ere elkarlanean arituko dira udalarekin, eta zuntz optikoa instalatzeko prozesuaren fase bakoitzean beharrezkoa den informazio guztia zabaltzen lagunduko dute.

Lan horien aurrekontua, guztira, 350.000 € ingurukoa da. Lanak egiteko, udalak 6 ataletan banatu du alde zaharra. Iturriotz kalea izango da horietako lehena, eta datozen asteetan hasiko da bertan zuntza instalatzen, 45.000 euroko aurrekontuarekin. Gune horrekin amaitu ostean, alde zaharreko beste bost ataletan jarraituko da.