Hiru zerbitzu karta berri argitaratu ditu Arasateko Udalak
2018/10/17Urtebeteko lanari amaiera emanez hiru udal zerbitzuen Zerbitzu Kartak prest dituela jakinarazi du gaur goizean egindako prentsaurrekoan Arrasateko Udalak. Karta horiek, hain zuzen, Gizarte Zerbitzuei, Hilerriari eta Udalako Ingurumen Eskolari dagozkienak dira.
Aipatu dokumentu idatziek udal zerbitzu jakin baten ezaugarri nagusiak, erabiltzaileen eskubide zein betebeharrak edota zerbitzu horiek ematean Udalak hartutako kalitate konpromisoak jasotzen ditu. Ildo horretan, BAZekoa izan zen Arrasateko Udalak landutako lehen Zerbitzu Karta eta bertan, esate baterako, zerbitzuaren ordutegia, telefonoa edota helbidea bezalako informazio erabilgarria jasotzeaz gain, bulegoan kudeatzen diren tramite nagusien zerrenda jaso zen, baita BAZek hartzen dituen kalitateko konpromisoak eta erabiltzaile ororentzat ezarrita dauden jarraipen eta jarduera adierazleak ere.
Izan ere, arrasatearrei kalitatezko zerbitzuak eskaini eta bermatzeaz gain, Udalaren helburua da kalitatearen kultura sustatzea, horretarako betebeharreko konpromisoak hartuz eta ezarriz. “Zerbitzu Gutunek kalitate metodologia bat eskaintzen digute, bai udal langileei baita herritarrei ere. Izan ere, gardentasunaren bideari helduz, dokumentu horiek, zerbitzuaren ezaugarri guztien berri emateaz gain, publiko egiten ditu zerbitzu horrekiko Udalak hartu eta horrenbestez bete behar dituen konpromisoak, baita zerbitzu horren aurrean arrasatearrek dituzten eskubideak edota ezarrita dauden jarraipen eta jarduera adierazleak ere”, azaldu dute Udaletik.
Horri lotuta Udalak adierazi du Zerbitzu Kartek udal zerbitzuen inguruko informazio guztia herritarren eskura jartzea dutela helburu, jasotakoa bete eta jarraituz gero, zerbitzuaren kalitatea hobetu eta bermatzen jarraitzeko.
Pertsona interesdunek udal webgunean izango dituzte eskuragarri argitaratutako Zerbitzu Karta guztiak.