Mantentze lan berriak egiten hasi dira Musakolako kiroldegian

2024/07/12
Card image cap
Bi eremutako lurrak berrituko dira eta sauna berria jarriko da. Gobernuak mantentze lanok “ezinbestekoak” jo ditu, kiroldegi berria heldu bitartean.

Aste honetan hasi dituzte Musakola kiroldegiko hainbat espazioren mantentze eta eraberritze lanak. Konkretuki, kiroldegiko bi eremutako lurra berrituko da, eta sauna berria jarriko da.

“Orain arte esan dugun bezala, kiroldegi berria egin bitartean urte batzuk igaroko dira, eta gaur egungo kiroldegian espazio batzuk oso egoera txarrean daude. Horren adibide da eremu lehorreko aldagelena, eta saunaren egoera txarra. Beraz, mantentze lan hauek, zerbitzu publiko duina eskaintzeko ezinbestekotzat jotzen ditugu, kiroldegi berria egin bitartean” adierazi du Mikel San Miguel kiroletako zinegotziak.

Bi eremutako lurra berritzea

Eremu lehorra - Antoñarako pasabidea.jpg

Iaz igerilekuaren eremuko aldagelen lurra berritu bazen, aurten eremu lehorreko txanda izan da. “Antoñako korridorean dauden aldageletako biniloa altxatu egin da hainbat tokitan, beste leku askotan biniloa kaltetuta dago eta dutxen eremuan lurra hondoratuta ere badago. Beraz, zerbitzu egoki bat emateko eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, beharrezkoa da lurra berritzea” San Miguelen esanetan.

Gaur egun dagoen zoladura binilikoa kenduko da eta zoru guztia diamantatuz, zorua behar bezala saneatuko da. Jarrian Epoxi inprimazio bat aplikatuko da eta gainetik beste geruza bat aplikatuko da, koloretan eta kuartzo agregakinez nahastuta.

Saunako lurrari dagokionez, duela 10 urte berriztu zen, baina erabileraren ondorioz, dagoeneko gastatuta eta kaltetuta dago. Horren ondorioz, hura ere berritzeko aprobetxatuko du udalak, uda garaia datorrela aprobetxatuz.

Lanen exekuzioa PAVIMENTOS SEFER SL-ri adjudikatu zaizkio 29.854,50 euroan (BEZ barik), eta aurreikusten da hilabete bateko epean egitea. Horren ondorioz, Antoñara doazen aldagelak itxita dauden bitartean, erabiltzaileek harmaila azpiko aldagelak erabili ahalko dituzte. Lau aldagela irekita daude jada erabiltzaileei zerbitzua emateko.

Sauna berria

Sauna eremua 2.jpg

Saunaren kasuan, epealdi hori aprobetxatuko da sauna lehorra berrizteko, izan ere, oraingoa oso kaltetuta dago. Beraz, bien bitartean itxita egongo da.

Sauna berria Kirol Aukera enpresak hornituko du, 7.451,00 euroan (BEZ barik).

Lurra berrizteko lanak dagoeneko hasi dira eta sauna zaharra ere kendu da. Behin lurra berrituta jarriko dute sauna berria. Udalak aurreikusten du lanok hilabeteko epean amaitzea.

Mojategiko lanak datorren astean hasiko dituzte

Mojategin aurreikusita dauden inbertsio garrantzitsu bi datorren astean hasiko dituzte: batetik, atletismo pista berritzea eta, bestetik, zelai biak argiztatzen dituen argiteria sistema berritzea, LED sistema jasangarria ezartze. Arrasateko Udalak datorren astean emango ditu lan horien inguruko xehetasun guztiak.