Mugikortasun Plana berritu eta eguneratzeko, neurketak egingo dituzte aste honetan

2024/03/18
Card image cap
Neurketak egingo dira martxoaren 18tik 22ra. Herritarren partaidetza prozesua apiril amaieran hasiko da.

Arrasateko Udalak herrigunean zehar dabiltzan ibilgailuen kopurua neurtuko du aste honetan. Neurketak egingo dira martxoaren 18tik 22ra.

Neurketen helburua da herrian zehar dabiltzan ibilgailuen kopurua zenbatzea. Horretarako, neurgailu finkoak jarriko dira herriguneko 5 sarrera nagusietan, herrigunera sartu eta bertatik ateratzen den ibilgailu kopurua kontatzeko. Halaber, neurgailu mugikorrak ere erabiliko dira, guztira 22 puntutan. Horien bidez, ibilgailu motordunez gain, motorrik gabekoen kopuruak ere neurtu ahal izango dira, eta jakingo da zer abiadura darabilten.

Mugikortasun Plan berria prest urte amaierarako

Neurketa horiek balioko dute Mugikortasun Plana eguneratzeko, eta trafikoaren ohiturak ezagutzeko, eta hartu beharreko neurriak proposatuko ditu horien oinarrian. Prozesu guztiak 6 hilabete iraungo du eta, beraz, aurreikusten da Mugikortasun Plan berria prest izatea urte amaierarako.

Oraingo neurketa hauek diagnosia egiteko lanen artean daude, baina ez da lan ildo bakarra izango. Udaltzaingoarekin eta udaleko teknikariekin ere hainbat elkarrizketa egingo dira, beharrak identifikatu eta gaia zehar-lerroan lantzeko.

Herritarrek ere partaidetzazko prozesu propioa izango dute, apiril amaieran abiaraziko den partaidetzazko prozesuan. Horren berri emango da, xehetasun guztiekin, apirilean.

Arrasateko Mugikortasun Jasangarriaren Plana eguneratzeko ardura INTRA enpresak izango du.