Herritarren txanda Arrasateko Kirol Azpiegituren Mapa definitzeko partaidetza prozesuan

2021/07/02
Card image cap
Eztabaidarako lantaldeak bilera egingo du irailaren 14an, eta hiru lan saio egingo ditu Arrasateko azpiegiturek esku hartzeko dituzten premiei eta etorkizuneko obrak egiteko ordenari buruz hitz egiteko

Aurreko legealdian Arrasateko Udalak prest utzi zuen Musakolako kiroldegia berritzeko aurreproiektua. Bigarren fase honetan, Musakolako kiroldegiaz gain, udalak herritarrekin batera landu gura du udalerriko azpiegituren mapa, hala nola Iturripeko kiroldegia edo Uarkapeko frontoia: Arrasateko Kirol Azpiegituren Mapa.

Partaidetza prozesua ekainaren hasieran hasi zen. Udalak lehen partaidetza saioa egin du kirol klubekin, eta 13 klubek parte hartu zuten. Orain, lehen saioa egingo da gaur, uztailak 1, instalazioetako erabiltzaileen taldearekin eta herritarren taldearekin.

Talde biak ausaz aukeratutako pertsonek osatu dituzte, sexuaren, adinaren eta bizitokien arabera.

Hala, kirol- instalazioetako erabiltzaile guztien artean ausaz aukeratutako 8 pertsonak osatzen dute erabiltzaileen taldea. Hala ere, Musakolako kiroldegiko instalazioen erabiltzaileak 4 dira, Iturripeko erabiltzaileak 2 eta Uarkapeko erabiltzaileak 2.

Herritarren taldeari dagokionez, 10 pertsonak osatzen dute, 6 emakumek eta 4 gizonek, sexuaren, adinaren eta ausazko eremuen arabera hautatuak udal erroldaren bidez.

Hiru talde horiekin batera, udal eremuan, martxan daude udaleko teknikarien lantaldea eta Kirol batzordean dagoen udal ordezkarien taldea.

Horiek guztiak, batera, deliberazio taldeko kide dira. Deliberazio lantaldeak irailaren 14an ekingo dio bere ibilbideari, eta, hiru lan saioren bidez, gaur egungo kirol azpiegituren diagnostikoa egingo du eta esku hartzeko beharrak antzemango ditu.

Gainera, urriaren amaieran eta azaroaren hasieran, karpa bat jarriko dute kalean 5 egunean, herritarrek iritziak utzi eta ekarpenak egin ditzaten.

Udalak adierazi duenez, "Gure herriak duen egiturazko beharrari ausardiaz heldu behar zaio: kirol azpiegiturak. Arrasateko kirolaren etorkizuna herritarrekin definitzen ari gara".

Udal gobernuak nabarmendu duenez, proiektu handia da, eta hainbat urtetarako inbertsio plan bat behar du, "Hurrengo udal gobernuak ere konprometituko dituena, eta, horregatik, udalarentzat lehentasun nagusia da modu partekatuan lantzea, bai ordezkari politikoen artean, bai herritarren artean, bai eragileen artean. Udala zorrik gabeko egoeran dago, eta, beraz, ausardiaz heldu behar diegu kirol azpiegiturei. Eta udal gobernuak 10 urteko inbertsio plana du buruan, gero partaidetza prozesuan zehazten den proiektura egokituko dena ".

Prozesua 5 fasetan

  1. Lehen fasea: prozesuaren diseinua eta egitura sortzea. 5 lantalde egongo dira: kirol batzordearen taldea, langileen ordezkarien taldea, kluben taldea, erabiltzaileen taldea, herritarren taldea.
  2. Bigarren fasea: diagnostiko bat sortzeko deliberazioa. Esku hartzeko beharra duten kirol azpiegituren mapa eta diagnostikoa sortzea; lehentasunezko eskuhartzeen ezaugarriak; aukera ekonomikoen eta mugen gogoeta; eskuhartzeen ordena.
  3. Hirugarren fasea: herritarrekin eta Haurren Kontseiluarekin kontrastatzea. 5 eguneko saio irekiak.
  4. Laugarren fasea: adostasuna eta itxiera. Herritarren ekarpenak eta balorazioak jasotzea eta aukera berriak aztertzea.
  5. Bosgarren fasea: emaitzak dokumentatzea eta kirol instalazioak birmoldatzeko proiektua abian jartzea.