Arbolapetako harresiko arkua birgaituko du udalak
2017/12/21Gaur egun Arbolapetatik Zurgin kantoira doan harresia konpondu beharrean aurkitzen da. Ildo horretan, mantentze lan horien falta ikusirik, datozen asteotan, aipatu arkua birgaitzeko lanak egingo ditu Udalak bertan. Horretarako, aurrez kontsulta egin dio Arrasate Zientzia Elkarteari, birgaitzearen inguruko irizpideak zehaztu ahal izateko.
Lan horien helburua da Arrasateko ondarea berreskuratu eta balioan jartzea, eta horretarako, hain zuzen, arkua txukundu eta bere itxura hobetuko du Udalak, garai bateko Alde Zaharreko harresi horri bere ohiko izaera eta garrantzia bueltatzeko.
“Harri Construcciones y mampostería, S.L.“ enpresa aditua izango da aipatu lanak garatzearen arduraduna. Enpresa hori iaioa da horrelako berreskuratze obrak egiten; esate baterako, Donostiako Kontxa hondartzako baranda berritu zuen.
Lanen kostua 13.200€koa izango da, 15.972€ BEZ barne.